EKKO egitasmoa abian, haur eta nerabeetan gizarte trebetasunak lantzeko

2022/06/20
Egitasmoa Arrasateko Udalak eta herriko ikastetxeek jarri dute abian: Mondragon Unibertsitateak, San Juan de Dios zentroak, Herri Eskolak eta Arizmendi ikastolak

Arrasateko Udalak EKKO egitasmoa jarriko du martxan hurrengo ikasturtean, 2022-23, herriko ikastetxeekin batera, LHko 5. eta 6. mailan. EKKO (Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna) esku hartze komunitarioko proiektu hezitzaile bat da aurre nerabeetan gizarte trebetasunak sustatzeko. Eta proiektua aurrera eroateko, aisialdi, kirol, hezkuntza eta kultura eremuko eragileak prestatuko dira, haurrekin gizarte trebetasunak lantzeko, dinamizazio estrategietan. Horretarako, udalak dirulaguntzak emango ditu, haurrekin eta nerabeekin diharduten hezitzaileek espezializazio ikastaro bat egiteko: ‘Espezializazio ikastaroa haurren trebetasun sozialak lantzeko, dinamizazio estrategietan’.

Egitasmoa Monterron parkean aurkeztu dute Maria Ubarretxena alkateak, Karmele Perez Mondragon unibertsitateko ikastaroen koordinatzaileak, Emilio Martin San Juan de Dios zentroko ordezkariak, Iratxe Salaberria Herri Eskolako zuzendariak eta Aritz Oianguren Arizmendi ikastolako Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak.

Ubarretxenak azaldu duenez, helburua da “haur eta nerabeei tresnak ematea, erabakiak askatasunez eta arduraz hartzeko, eguneroko bizitzan aurkituko dituzten zailtasunei eta arrisku egoerei aurre egiteko eta jokabide osasungarriak aukeratzeko. Baita ere, gurasoekin lantzea haur eta nerabeen garapena. Gizarte Zerbitzuen sailak aurrera eroango duen proiektu garrantzitsua eta berritzailea da. Ezbairik gabe hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa da haur eta nerabeengan ohitura eta jarrera osasungarriak bultzatzeko eta bizikidetza sustatzeko. Gainera, ekimenak ahalbidetuko du heziketa formala eta ez formalaren arteko zubi sendoa eraikitzea. Elkarlana funtsezkoa da, eta hura da erraminta bat gizarte hobe bat lankidetzan eraikitzen jarraitzeko”. Alkateak animatu eta gonbidatu ditu hezitzaile guztiak ikastaroaz informatu daitezen eta ikastaroan parte hartu dezaten.

EKKO proiektuak fase bi ditu: lehenengoan, proiektua ezartzen parte hartuko duten dinamizatzaileak prestatuko dira eta, bigarrenean, proiektua bera garatuko da.

Prestaketa

EKKO proiektua garatu ahal izateko, lehenengo prestatu behar dira dinamizatzaile arituko diren langileak. Horiek jardungo dute Arrasateko udalerrian haurrekin eta nerabeekin, aisialdi, kirol, hezkuntza eta kultura eremuan.

Udalak dirulaguntzak emango ditu “Espezializazio ikastaroa haurren trebetasun sozialak lantzeko, dinamizazio estrategietan” ikastaroa egiteko, 18-20 pertsonarentzat. Udalak egitasmoaren lehen faserako erreserbatu duen diru partida 32.000 eurokoa da. Deialdi honetan baloratuko dira hautagaien ikasketak eta esperientzia, tokiko aisialdiaren, kirolaren, hezkuntzaren eta kulturaren arloetan.

Eskaerak aurkeztu ahal dira modu telematikoan edo aurrez-aurre Biztanleen Arreta Zerbitzuan, BAZ  (Arano eta Garcia maisu-maistren kalea, 8). Eskabideak aurkezteko epea 10 egunekoa izango da, dirulaguntzaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero (aurreikusten da aste honetan argitaratzea).

Proiektua garatzea

Behin dinamizatzaileen lantaldea osatuta eta trebatuta dagoela, EKKO proiektua bera garatuko da. Bi ikasturteko programa bat da, LHko 5. eta 6. mailan garatzekoa, eta, guztira, 50 lan saio egingo dira ikasturte bi horietan, horrela banatuta:

40 saio egingo dira haurrekin, 20 saio ikasturteko, eskola orduetan.

10 saio gurasoekin batera, 5 saio ikasturteko, eskola ordutegitik kanpo.

Saioetan landuko dira: autoestimua, komunikazioa, erabakiak hartzea, arazoak konpontzea eta pertsonen arteko interakzioa.