Haurren trebetasun sozio-emozionalak lantzeko formazioa antolatu du Udalak herriko begirale, hezitzaile eta entrenatzaileentzat
2025/09/05
EKKO programa garatzen lankidetzan ari dira Arrasateko Udala, Arizmendi Ikastola, Arrasate Herri Eskola, Txatxilipurdi Elkartea, Leintz Eskola Kirola eta San Juan de Dios ospitalea. Bertan, LH 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartzen dute, ikasturtean zehar gizarte trebetasunak landuz ariketa praktiko ezberdinen bitartez.
“Haurren trebetasun sozio-emozionalak lantzen” ikastaroa zuzentzen da aisialdi, kirol, kultur eta hezkuntza eremuetan haur eta nerabeekin lanean ari diren begirale, hezitzaile eta entrenatzaileei, bilatzen baita gizarte trebetasunak sustatzea eskola esparrutik haratago ere, haurren aisialdi eta kirol gune ez formaletan.
Ikasturte honetan EKKO programako dinamizatzaile izango den lan taldeak parte hartuko du aipatutako ikastaroan. Baina ikastaro hau interesgarria izan daiteke baita ere EKKOko dinamizatzaile izango ez diren beste arrasatear batzuentzat ere: aisialdi, kirol, hezkuntza eta kultura esparruan haur eta nerabeekin lanean ari diren begirale, entrenatzaile edo hezitzaileentzat, haiek ere figura esanguratsuak eta eraginkorrak baitira trebetasun sozio-emozionalen garapenean.
Hori dela eta, Udalak gonbidapena bidali die herriko elkarteei, begirale, hezitzaile edo entrenatzaileei parte hartzera animatzeko.
Izen ematea irailaren 11era arte dago zabalik eta plaza mugatuak dira.
Izen emateko:
- arrasate.eus
- 25.20.00