Heldu dira Eguberriak Arrasatera!

2019/11/27
Card image cap
Kaleko argi-apaingarriak abenduaren 5ean Goikobalu Txiki abesbatzak eta Atletismo elkarteak piztuko dituzte eta aurtengoan Gabonetako zuhaitza ere jarriko da Biteri plazan

Eguberriak dagoeneko ate joka ditugu eta herria zein herritarrak festa giroan murgiltze aldera, ekintza-egitarau zabala antolatu dute Ibai-Arte merkatari elkarteak eta Arrasateko Udalak hilabete osorako.

Ibai-Artek, esaterako, ekintza berritzailea dakar aurtengoan Arrasatera: Pop-Up merkatua. Aipatu Gabonetako merkatu hori abenduaren 14an ospatuko da Seber Altube plazan goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Horretarako, 200m2ko karpa bat jarriko da eta bertan 15 postu parte hartzaile desberdin egongo dira, arrasatearrentzat mota desberdinetako produktuak eskainiz: emakume moda, lentzeria, osagarriak, loreak, haur moda, etxeko dekorazioa…

Pop-Up merkatuaren baitan, halaber, haur eta gazteentzako parkea ere egongo da goiz zein arratsaldez, baita kale animazioa ere. Horrez gain, 20:00etatik aurrera sari banaketa egingo da Ibai-Arteko dendetan Arrasate txartelarekin erosketak egin eta saria irabazi duten bezeroen artean. Irabazleek Gabonetako 50 saski eta gala lirikorako 25 sarrera bikoitz eskuratu ahal izango dituzte. Webgunearen bitartez ere Gabonetako 2 saski irabazteko aukera izango da. Sariak azaroaren 26tik aurrera zozketatzen hasiko dira.

Era berean, arrasatearrak festa giroan murgildu, herriko kaleak alaitu eta apaindu eta tokian tokiko merkataritza indartzeko helburu berarekin, Ibai-Arte merkatari elkarteak beste hainbat ekintza antolatu ditu Eguberrietarako: ume eta gazteentzako animazioa (puzgarriak eta jolasak) hilaren 27an eta 28an Seber Altuben, Arrasateko saltokietan erosketak egiteagatik

Errege egunerako loteriaren partizioen banaketa (0.20€ partizioko) eta saltokien, erakusleihoen, fatxaden eta denden sarreretako lorontzien argiztatzea.

Gabonetako argiak herriko kaleak alaituz

2015az geroztik egin bezala, aurtengoan ere Eguberrietako argiekin apainduko ditu Udalak Arrasateko kaleak. Pizte ekitaldia abenduaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:00etan eta Goikobalu Txiki abesbatza eta Atletismoko elkartea izango dira argiak piztearen arduradun, 25. eta 75. urteurrena ospatzen baitituzte hurrenez-hurren. Horrez gain, aurten Gabonetako zuhaitza ere jarriko du Udalak Biteri plazan eta guzti horretara bideratuko ditu, hain zuzen, 32.192,66 €.  Ildo horretan, aipatu apaingarri guztiak kontsumo elektriko baxukoak direla energia jasangarritasunaren mesedetan.

Aurtengo Eguberrietan izotzetan  txirrist eginez

Bestalde, festa giroaz gozatzen jarraitzeko, aurten, berrikuntza gisa ere, azken urtetako izotz pistaren ordez, izotz txirrista jarriko du Udalak Biteri plazan. Aipatu instalazioak 5 metroko altuera eta zabalera eta 15 metroko luzera izango du. Izan ere, aurreko urteetan izotz pistak izandako arrakasta eta harrera ona ikusirik, 2019ko Eguberrietarako ekimen berari heldu nahi izan dio Udalak baina formatu berritzaile batean, arrasatearren gustukoa izango delakoan. Izotz txirrista abenduaren 25erako zabaltzea aurreikusi du Udalak eta goiz eta arratsaldez egongo da zabalik urtarrilaren 6a bitartean herriko haur, gazte zein heldu guztien gozamenerako. Sarrerak herriko saltokietan edota txirristaren ondoan egongo den etxolan eskuratu ahal izango dira. 

Santamasetako erakusleiho lehiaketa

Merkataritzaren aldeko apustuan, kontutan izanik Gabonak garai garrantzitsua direla herriko saltokientzat, antolatutako ekintza eta ospakizunen artean, ezin dugu ahaztu tokian tokiko merkataritza indartze aldera Udalak antolatutako Santamasetako erakusleiho lehiaketa.

Gauzak horrela, lehiaketan parte hartzeko interesa duten saltokiek abenduaren 14a arte izango dute izena emateko epea Udaleko Merkataritza sailean, BAZen, udal webgunean eta Merkataritzako bulego teknikoan.

Lehiaketako baldintzei erreparatuz, erakusleihoek jarrita egon beharko dute gutxienez abenduaren 15etik 31ra bitartean eta behin epe hori amaituta, epaimahai bidez aukeratuko dira erakusleiho saridunak. Epaimahaia Ibai-Arteko ordezkari batek, diseinuan aditua den pertsona batek eta udaleko ordezkari batek osatuko dute.

Sariak ondorengoak izango dira:

-      1. saria: plaka eta 600 €

-      2. saria: plaka eta 400 €

-      3. saria: plaka eta 300 € (Ibai-Artek emana)

-      Auzoko erakusleiho onenaren saria: plaka eta 300 €

-      Herritarren saria: plaka eta 300 €

Era berean, herritarren saria bozkatzen dutenen artean 100€ko bost bono  zozketatuko dira Arrasateko edozein saltokitan gastatzeko. Kasu honetan, bozka udal webgunearen edo Ibai-Arteko webgunearen bitartez eman beharko da.

Sari banaketa egingo da abenduaren 20an egingo da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Eguberrietako ekintza eta ospakizunen artean, halaber, ezin dugu ahaztu San Nikolas bolo-bolo abenduaren 6an,  Santamasen jaia abenduaren 22an, Olentzero eta bere lagun Txoronpio eta Txoronpiaren bisita hilaren 23 eta 24an edo Errege Kabalgata urtarrilaren 5ean, besteak beste.  

Ekimen horiek guztiekin Arrasate eta Arrasatearrak festa giroan murgildu nahi ditu Udalak. Gobernuak garrantzitsutzat jo zuen iaz, baita aurte ere, Arrasate behar bezala girotu eta herriko kaleak jai giroaren islada izatea, elkargunerako parada, elkarbanatzeko espazio bat, eta baita erosketetarako gune ere. Kale argiztapenak eta bizitasunak herriko denda, saltoki eta tabernetan eragin zuzena izan dezakeela adierazi du Udalak. Horregatik, tokiko merkataritzaren aldeko apustuan,  dei egiten die arrasatearrei Eguberrietako erosketak herrian bertan egin ditzaten, guztien artean, Arrasateko saltokiak babestu eta indartu ditzaten.