Herrian langabezian dauden pertsonen kontratazioa eta enpresen sorrera sustatzea, Arrasateko enplegu-planaren helburuak

2020/07/02
Card image cap
Emakumezkoek lanari dagokionez gure gizartean pairatzen duten arrakalari aurre egitea irizpidea izanik, Arrasateko Udalak emakumeen kontratazioa sustatu nahi du.

Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko pizgarri izango den programa aurten baita ere abiarazi du Arrasateko Udalak eta eskaerak egin daitezke dagoeneko, abenduaren 31 arte, BAZen. Koronabirusak eragindako krisiak behartuta, ekonomiaren berraktibazioa sustatzeko neurrietako bat da, eta irailean jarriko dira martxan enplegu laguntza berri ugari.

Lanbideren 2020ko enplegua sustatzeko toki ekintzetarako programari itxaron gabe, Arrasateko Udalak herriko langabeei irtenbide bat emateko plana abiarazi du eta eskaerak aurkezteko epea zabalik dago. Udalak adierazi duenez, “iazko programaren jarraipena dela kontsidera daiteke Lanbideren babesari dagokionez.”

Arrasaten langabeziak gora egin du azken hiru hilabeteetan: maiatza 1376 langaberekin itxi zen, %13,32ko langabezia tasarekin. Azken hiru hilabeteetan 280 langabe gehiago daude, eta tasa 2,72 puntu altuagoa da. Hori ikusita, Arrasateko Udalak herriko enpresetan bertako langabeak kontratatzeko programa sortu eta abiarazi du, udalerriko ekonomia berraktibatzeko helburuarekin.

Enplegu planaren hiru ardatzak

Enplegu planak hiru ardatz ditu. Alde batetik, enpresa berrientzako diru laguntzak emango dira. Enpresa ekintzaileei jarduera berriak abian jartzen laguntzea da helburua, kalitatezko lanpostu egonkorren sorrera sustatu eta herrian proiektu ekintzaileak bultzatzeko. Enpresa sortu berrien kasuan, lanpostu egonkor bat baino gehiago sortzen badira, 2.268 euro gehituko dira bigarren eta hurrengo lanpostu bakoitzeko, iaz baino %0,8 gehiago, eta oinarrizko kopuruaren %100a, gehienez ere, 4.536 eurokoa izango da. Laguntza eskuratzeko, enpresa berriaren kokalekua Arrasate izan behar da eta 6.000 euroko inbertsioa izan beharko du, gutxienez. Bestalde, lanpostu egonkor bat ere sortu beharko du, gutxienez.

Baldintza hauek bete beharko dira 2019ko uztailaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitarteko aldian. Beste udalerri baten lehendik egonda, Arrasatera egoitza eta lan tokia ekarri duten enpresen kasuan, bai Arrasateko irekiera hori, zein bertan lana egingo duten langileen kontratuen hasiera edota autonomoen erregimeneko altak, deialdi honen erreferentziazko aldian hasi beharko dira, ezinbestean.

Langabeek ikas dezaten diru laguntzak ere emango dira enplegu planaren barruan. Asmoa da lanbide heziketako ikasketen gastuak finantzatzen laguntzea, lana lortzeko aukerak handitzeko eta profil profesionala lan merkatuko beharretara egokitzeko. Laguntza hauetarako, ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea, langabezian egotea, 25 urtetik gorakoa izatea eta lanbide heziketako ikasketak egitea 2020an.

Enplegu planaren hirugarren ardatza dira Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko laguntzak, Arrasateko langabe kopurua murrizteko eta herriko enpresetan bertako langileak nagusi izan daitezen. Baldintza hauek bete beharko dira laguntzak eskuratzeko: Arrasaten lantokia edukitzea, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera Arrasaten erroldatuta dauden langabeak kontratatzea, eta kontratuak 2020an hasitakoak izatea, gutxienez jardun erdikoak eta 6 hilabeteko iraupenarekin. Kasu honetan, emakumezkoek lanari dagokionez gure gizartean pairatzen duten arrakalari aurre egitea irizpidea izanik, Arrasateko Udalak emakumeen kontratazioa sustatu nahi du. Diru-laguntza 2.268 eurokoa izango da orokorrean, baina, plan honen bidez berdintasunerantz pausoak emateko, kontratatuko den langabea emakumezkoa bada,  diru-laguntza %20 gehiagokoa izango da.

Udaleko Enplegu Saila arduratzen da hiru programen kudeaketaz, beraz, zalantzarik izanez gero, bertara jotzea gomendatzen du Udalak: 943 25 20 70 telefonoan edo enplegu@arrasate.eus helbide elektronikoan.