Herritar zaurgarrienak babesteko hainbat ekimen jarri dira abian Arrasaten

2020/03/31
Arrasateko Udalak abian jarri du herritar zaurgarrienei gutxieneko baliabideak bermatzeko laguntza ekonomikoa, Covid-19 birusaren ondorioz bizi dugun alarma egoerak ekarri dituen neurrien ondorioz.

Mundu osoan gertatzen diharduen bezala, Arrasaten ere koronabirus (Covid-19) pandemia ari da bere ondorio latzak uzten, lehenenik eta behin osasun publikoan. Baina horretaz gain pandemiak ekarri du bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden herritarren bizitza erabat okerrera baldintzatzea. Etxeetan derrigorrez izan beharrak eta hainbat lan jarduera eten izanak guztioi eragin digu, baina herritar batzuen egoeran eragin larriagoak izaten ari da. Kasurik larrienetan aurkitzen dira egoera ezohiko honetan era guztietako dirusarrerak galdu dituztenenak. Ezohiko larrialdi honetan, Udalak babestu nahi ditu herritar horiek, eta eskumenen banaketatik haratago, momentu honetan hurbilen dagoen administrazio publikoa izanik, Gizarte Zerbitzuen sailaren bidez egoera larrienei erantzuna eman nahi izan die gutxieneko babesa bermatze aldera.

Horregatik Arrasateko Udalak abian jarri du herritar zaurgarrienei gutxieneko baliabideak bermatzeko laguntza ekonomikoa, Covid-19 birusaren ondorioz bizi dugun alarma egoerak ekarri dituen neurrien ondorioz.

Laguntza neurri berri hau espezian gauzatzen da eta horien banaketa Debagoieneko Gurutze Gorria erakundearen lankidetzaz egiten ari da Udala. Laguntzaren helburua da oinarrizko behar urgenteak bermetzea alarma egoerak irauten duen bitartean, eta behar horiek hauek izango dira:

  • Janaria
  • Adingabekoak dituzten onuradunen behar premiazkoak (………)
  • Gizarte langileak kasuan kasu baloratu eta arrazoitu dezakenak: egoera horien artean izan daitezke Gurutze Gorriak ezin izango dituenak gauzatu, laguntzaren helburuaren izaeraren arabera. Kasu horietan, hala badagokio, udalak ordainduko luke gastu hori zuzenean onuradunari zerbitzua ematen dion enpresa/etxeari.

Laguntzaren zenbatekoak (espezian gauzatuko badira ere) hurrengoak dira:

  • 1 kideko familia unitatea:  50 €/asteko
  • 2 kideko familia unitatea:  75 €/asteko
  • 3 kideko familia unitatea: 100 €/asteko
  • 4 kideko familia unitatea: 150 €/asteko
  • 5 kideko familia unitatea: 200 €/asteko

Udalak atzeman ditu egoera batzuk non familia batzuk inolako dirusarrerarik gabe aurkitzen diren koronabirusa dela eta, ez dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ere (RGI gazteleraz), eta Elikagaien Bankuak bere jarduna eten duenez, egoera horiek benetan larriak dira. Udalak identifikatuta ditu egoera zaurgarrian egon daitezkeen kolektiboak eta harremanetan jarri da eurekin laguntza hau eskaintzeko, 400 bat telefono dei egin dira laguntza hauek eskaintzeko.

Beste alde batetik, Udalak,  Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) tramiteak erraztu egin dira familiek laguntza hori ahalik eta azkarren jasotzeko. Eusko Jaurlaritzak 16 miloi euro gehiago jarri ditu Gizarte Larrialdietarako laguntzetan eta horietatik Arrasaterentzat 129.443 euro izango dira. Arrasateko Udalak 2020 aurrekontuetan 300.000 euroko aurrekontua du laguntza hauek emateko eta orain 129.443 euro gehituko zaizkio.

Gainera, pandemiaren aurrean, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, COVID-19ari aurre egiteko Erantzun Plana osatu zen, bi neurri nagusi abian jarriz: Konfinamenduan edo berrogeialdi-neurriek eraginda bakandurik dauden pertsonei etxez etxeko laguntza eskaini eta arrisku taldeetan dauden pertsonei jarraipen telefonikoa gauzatzea. Guztira 100 bolondres inguru mobilizatu dira eta 23 pertsona artatu dira, batez ere, erosketak, medikamentuak edota pertsona nagusiei arreta eginaz.

Beste alde batetik, 80 urtetik gorako herritarrei deitzen ari da Udala banan-banan laguntza eskaintzeko, erosketak egiteko, jarraipen telefonikoa, etab. dagoeneko egin dira 100 dei baino gehiago zentzu honetan

Herri sarea

Bestalde, Koronabirusak are gehiago azaleratutako zaintzen krisiari modu komunitarioan erantzuteko asmoz, herritarrak saretu eta hiru zerbitzuz osatutako sare herritarra jarri dute martxan auzolanean.

Konfinamendua hasi eta berehala saretu ziren eta dagoneko zerbitzu guztietan dituzte laguntza beharra duten herrikideak.  200dik gora bolondresek osatzen dute sarea eta gertutasuna lehenetsiz auzoka antolatuta daude.

Erosketak egin eta hondakinak jaisteko zerbitzua, haurren zaintza edo eta eskolako lanak egiteko laguntza zerbitzua eta psikologia-laguntza zerbitzua dituzte martxan. Astelehenetik igandera, egunero, 9:00etatik 19:00etara piztuta dituzte telefono zenbakiak, beharra duten herrikideei laguntzeko prest. 

Elkarlanean aurrera

Arrasateko Udalak  azpimarratu du “babesik gabe dauden kolektiboen egoera arintzea dugu helburua. Inor ezin da atzean geratu, ezta koronabirusak eragindako egoeragatik ere. Pandemia honek ekarri duen gauza on bakarrenetako bat herritarron solidaritatea da, elkarlana, babesa… Bat egin eta elkarrekin egin behar dugu aurrera”.

Udala telematikoki artatzen ari da 010 / 943 25 20 00 telefonoan eta baz@arrasate.eus helbidean.