Herritarrak euskara gerturatzeko Auzoko saioak martxan
2025/10/07
Taupa Euskaltzaleen mugimenduak eta Arrasateko Udalak, Ekin Emakumeak elkartearekin elkarlanean sustatutako proiektua da Auzoko. Herriko komunikazio eta kohesiorako hizkuntza euskara izateko bidean, herrira iritsi berriei edota euskaratik urrun bizi diren herritarrei hizkuntzara gerturatzeko aukera eskaintzen die egitasmoak. Helburu horrekin, ordu eta erdi inguruko saio irekiak egiten dira astero.
Herritarrak, aniztasuna eta euskara oinarrian dituen egitasmoa da Auzoko. Herrian dugun hizkuntza aniztasuna aintzat hartuz, euskarara lehen pausoak eman nahi dituzten herritarrak eta bide horretan laguntzeko prest dauden euskal hiztunak elkartzen dira saioetan. Ariketa erraz eta jolasen bidez, jatorri ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatu eta euskarazko oinarrizko hitz eta esamoldeak lantzen dira.
Auzotarrek parte hartzeko deialdia
Herrira etorri berriek edota orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenek bide hori egin dezaten, garrantzitsua da herriko euskal hiztunen parte-hartze aktiboa. Auzoko egitasmoaren saioetan bietatik behar baita: euskarara gerturatzeko gogoa duten herritarrak (Auzokideak) eta horiei bidean laguntzeko prest daudenak (Auzotarrak).
Saioak Pablo Uranga 4 behea kalean izaten dira, ostegunetan 10:30etatik 11:30etara. Gerturatu eta parte-hartzeko gonbidapena luzatzen zaio herritar orori.