Urtarrilaren 17tik 23ra Kulturolan bisita gidatuak egingo dira herritarrentzat

2022/01/11
Card image cap
Bisitak Arantza Otaduik gidatuko ditu eta arratsaldean egingo dira. Egunean saio bi. Aurrez izena eman behar da web orrian webgunean eta BAZen

Kulturolaren eraberritzea azken txanpan dago. Lan guztiak ia amaituta, 4.786 m2-ko azalera duen eraikinean, udala dabil azken erremateak egiten: argiteria, pintatze lanak, instalazioak…

2022ko hasieran egongo da abian, eta hain juxtu, orduan lekualdatuko dira bertara herriko kultura eta sormen esparruko 18 eragile eta Udal Euskaltegia.

Aurrez, hala ere, udalak ate irekien saioak antolatu ditu herritarrentzat. Bisita gidatuak 2022ko urtarrilaren 17tik 23ra egingo dira, Arantza Otaduiren gidaritzapean. Egunean saio bi izango dira, arratsaldean 18:00etan, gaztelaniaz eta 19:30ean, euskaraz. Bisita bakoitzeko gehienez ere 25 lagun onartuko dira.

Aurrez izena eman behar da izen emateen atalean edo BAZen.

Kulturola da Arrasateko udal gobernuaren legealdiko proiektu estrategiko nagusienetako bat: “azpiegitura oso garrantzitsua izango da herriko eragile eta taldeentzat. Aukera eskainiko die sormen lana baldintza egokietan egiteko eta, gainera, guztiak batera dauden espazio batean, harremanak ehunduz eta lan bateratuei bide emanez. Udal Euskaltegiarentzat ere instalazio berriak, modernoak… euskara hauspotuz eta ikasketa prozesua erakargarriago eginez. Gainera, ondare historikoa errekuperatu dugu, gure izana. Arrasatearron ADNa da eragile sarea, kultura mugimendua, eta hori zaindu eta bultzatzera dator Kulturola”.

Industria ondarea, kulturaren bihotz

Kulturola eraikina da Arrasateko industria ondarearen ikono garrantzitsuenetarikoa, Unión Cerrajera lantegiaren sarrera nagusia izan baitzen urte askoan.  Behin lantegiaren ateak itxita, udalak eraikina errekuperatu du, kultura sormenaren bihotz bilakatzeko asmoz.

Eraikina Udal Euskaltegiaren eta herriko hainbat kultura elkarteren eta eragileren egoitza izango da, kultura eta sormen gune erreferente bihurtuz: Izaskun Murgia Lirika elkartea, Konpartsa, Zaldibar futbito, Bertso eskola, Doke antzerki taldea, Santamas komisiñua, Gaiteroak, Portaloi, Lore Gazteak dantza taldea, Txikitxu Arrostaitz dantza taldea, Bertso eskola, Trikitixa Eskola, Ttakun txalaparta, Udalaxpe txistulariak, Loixe zeramika, Margo taldea, Sambamaña eta SUDC. Jada eragileek bisitatu dute eraikina.