Hizkuntza Eskola Ofizialaren Arrasateko gela desplazatuak Arimazubi plazan hasiko du ikasturte berria

2022/09/20
Card image cap
Arimazubiko lokalak (iazko ikasturtera arte Udal Euskaltegia zegoen tokian) egokitu dira Hizkuntza Eskola bertan kokatzeko (Udal Euskaltegia Kulturolako instalazio berrietara lekualdatu da).

Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialaren Arrasateko gela desplazatuak Arimazubi plazan izango du kokaleku berria. Udal Euskaltegiak utzitako lekua hartuko du.

Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, Eibarko Hizkuntza Eskolako gela desplazatuak Arrasatera ekartzea lortu zuen 2018an. Ordura arte Arrasaten ez zegoen Eskola Ofizialik hizkuntzak ikasteko, eta horren ondorioz, arrasatearrek kanpora irten edo eskola partikularretara jo behar izaten zuten zerbitzu hori jasotzeko.

Hori dela eta, udalaren nahia izan da “hizkuntza ikasteko aukera Arrasateko zein inguruko herrietako biztanleei hurbiltzea, eta horretarako erraztasunak ematea”. Bide horretan, Edurne Unamuno Hezkuntza zinegotziak nabarmendu du: “2008az geroztik Goieskolak lan ikaragarria egin du Hizkuntza Eskola Arrasatera ekartzeko, eta udalak benetan eskertzen du hori. Guztion artean lortu dugu”.

2018an HHIn (EPA) kokatu ziren gela desplazatuak. Pandemia garaian, HHIn lekurik ez zegoela eta, hitzarmena sinatu zen Debagoieneko Mankomunitatearekin, eta bertako gela bat erabili izan da klaseak emateko.

Udalak hasieratik hartu zuen konpromisoa Hizkuntza Eskola Ofiziala leku egokian kokatzeko, eta horregatik, Arimazubiko lokalak (iazko ikasturtera arte Udal Euskaltegia zegoen tokian) egokitu dira Hizkuntza Eskola bertan kokatzeko (Udal Euskaltegia Kulturolako instalazio berrietara lekualdatu da). 2022/2023 ikasturtea, beraz, espazio berrian hasiko da. Aukera egongo da ingelesa eta alemana ikasteko, astelehenetan eta eguaztenetan.

Eskolak irailaren 26an hasiko dira. Edozein zalantza argitzeko, bertaratu Arimazubi plazako eskola berrira, deitu 943 89 92 75 telefono zenbakira, edo idatzi eoieibarheo@gmail.com helbidera.