Hobetze lan gehiago hezkuntza arloa indartzeko

2018/02/22
Card image cap
Oraingoan Ferixalekuko teilatua konpondu eta uda sasoiari begira San Andres auzoko Bedoñabe Herri Eskolako aurrealdea margotuko duela aurreratu du Udalak

Etorkizuna eta hezkuntza estuki lotuta daude, hain zuzen hezkuntzak eragin zuzen eta positiboa duelako haur zein gazteen heziketan. Horren jakitun izanik, Arrasateko udal gobernuak apustu irmoa egin du herriko hezkuntza arloa indartzearen alde eta horri jarraiki hainbat urrats eta inbertsio egin ditu dagoeneko.

Esate baterako, berriki Institutuko, Erguineko, Bedoñabeko, edo Arizmendi Ikastolako hiru eraikinetako (Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresa) eskola patioak hornitu ditu: ping-pong mahaiak, eserlekuak, patinete aparkalekuak, frontoiak margotu, muralak egin… Lan horien helburua izan da patioak herrira zabaltzea, hau da, eskola kanpoko orduetan herriko haurrei aisialdi ea jolas-gune horiek eskaini ahal izatea.

Oraingoan, herriko hezkuntza arloa indartzeko bideari helduz, ferixalekuko teilatua konponduko duela adierazi du Udalak horrela eraikinaren egungo egoera hobetuz. Lan horietara bideratuko ditu, hain zuzen, 49.987,36€ (BEZ barne) eta 8 astetan amaituta egotea aurreikusi du. Halaber, uda sasoiari begira, behin ikasturtea amaituta, San Andres auzoko Herri Eskolako aurrealdea (fatxada) margotuko duela ere aurreratu du Udalak.

Lan horiekin eta orain arte egindako gainerakoekin, Udalaren helburua da, hezkuntza arloa indartzeaz gain, herriko haur, gazte zein nerabeei, haien beharretara egokitutako azpiegiturak eta formazio zein heziketa aukerak eskaintzea. “Hezkuntza dugu etorkizuneko giltzarri nagusia eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu herriko haurrei ahalik eta zerbitzu zein azpiegiturarik egokienak eskaintzea eta hori betetze aldera Udalak lanean jarraituko du”, amaitu dute Udaletik.