Hondakinak gaika biltzen hasteko hurrengo pausuen berri zortzi minututan

2014/11/21
Arrasateko Hondakinen Mahaiko kideek erreportaje labur batean azaldu dute zer urrats emango diren hemendik aurrera. Albiste honetan ere, egutegi zehatzak auzoz-auzoko hitzaldi informatiboenak eta materiala jasotzeko.

Aste bat pasa da Hondakinen Mahaiak iragarri zuenetik  informazio kanpaina bat egingo zela auzoz-auzo, denok urtarrilerako eskura izan ditzagun etxeko hondakin guztiak gaika ateratzeko.

Musakolan eman ziren lehen bi hitzaldi informatiboak (euskaraz eta gazteleraz), azaroaren 13an eta erretiratuen taberna jendez lepo izan zen. Berdina gertatu zen atzo (azaroak 20) Santamainan emandako hitzaldiekin; herritar asko kanpoan geratu ziren eta, honenbestez, hitzaldi bat gehiago emango da Santamainan, abenduaren 2an. Auzo bakoitzean izango diren hitzaldien egun, ordu eta lekua hemen.

Musakolakoak oso fin

Arrasatearrak ganoraz dabiltza erantzuten informazio kanpainari, eta Musakolan aste honetan zehar herritar ugarik jaso dute jadanik informatzaileek, boluntarioen laguntzaz, banatzen ari diren materiala. Informatzaileen esanetan “asteazken goizerako materiala jasotzeko deituta ziren auzotarren erdia baino gehiago etorrita zegoen”. Azpimarratu dute herritarrek oso jarrera ona erakutsi dutela eta “kuboak jasotzera etorri direnean aprobetxatu egin dute zalantzak argitzeko”.

Hurrengo astean Santamaina

Atzoko hitzaldien arrakasta ikusirik, eta zenbait herritar kanpoan geratu behar izan zirela ikusirik, abenduaren 2an beste hitzaldi bat emango da berton.

Bestalde, Santamainako auzo-alkatetzan zabalduko da hondakinei buruzko informazio bulego ibiltaria. Azaroaren 24tik 28ra egongo da irekita, edozein herritarrek hondakinen sailkapenaren edo gaikako edukiontzien erabileraren inguruan dituen zalantzak bertan argitu ahal izateko.

Informazio bulego honetan banatuko zaio, baita ere, etxebizitza bakoitzari errefusarentzako ontzi grisa, hondakin organikoarentzako ontzi marroia, edukiontziak zabaltzeko txartela, poltsa konpostagarriak, hondakinen sailkapenerako gida eta hiztegia.

Informazio bulegoa eta materialaren banaketa lokal eta ordutegi berdinean izango dira auzo guztietan: 10:00-13:00 eta 15:00-19:00. Hemen egutegi zehatza.