I. Santamasetako Tenis Txapelketako irabazleak

2010/02/03
Card image cap
Domeka goizean jokatu ziren Musakolako kiroldegian gazteen eta nagusien finalak, biak zein baino zein borrokatuagoak izan zirelarik.

Baditugu aurtengo Santamasetako Tenis Txapelketako irabazleak: Eneko Ugalde eta Julen Etxabe!

Gazteetan Julen hasi zen lehen seta irabazten eta Danelek bere genioa eta kemena erakutsiz, partidari buelta emateko zorian izan zen bigarren seta eskuratuz. Baina azkenik Julenek ondo hasitako lana, ederki bukatu zuen.

Helduetan berriz, azkenaldian ibarreko jaun da jabe diren Jorge Aranes eta Eneko Ugalde Bergararrak izan ziren aurrez aurre. Aranesek hartu zuen aurre, maixuki lehen seta poltsikoratuz. Ugalde esnatu zenean baina, bereizten duen golpe indartsu horrez baliatuta bigarren seta eskuratu zuen. Hirugarrenean Aranesek bere teknika fina atera zuen berriz ere eta 4-1 jarri zen gainetik. Ez zuen ordea, lana amaitzerik izan eta Enekori 6-6 berdintzeko aukera eman zion. Azkenik tie break-ean Eneko Ugalde nagusitu zen.

Nagusien 3. eta 4. postuak ere jokatu ziren larunbatean, Jose Caballerok Iñigo Ciarsolori irabazi ziolarik.

Emaitzak:

  • Eneko Ugalde - Jorge Aranes: 3-6 / 6-3 / 7-6 (7-5)
  • Jose Caballero - Iñigo Ciarsolo: 6-3 / 6-4
  • Julen Etxabe - Danel Garcia: 6-4 / 4-6 / 6-3

 

Aurki, Fronteniseko eta Padeleko Neguko txapelketak jokatuko dira. Izena emateko ake.tenis@gmail.com helbidera bikotearen izen abizenak eta telefonoak bidali behar dira otsailaren 10a baino lehen. Txapelketak hasierako ligaxka eta ondorengo kanporaketa sistemarekin jokatuko dira otsailaren 20tik aurrera, bikoteka. (Padelean bikote mixtoak ere izango dira).

Bukatzeko gogoratzea, Ake-Tenis elkarteak eta Aukeak eskaintzen dituzten teniseko klaseetan izena emateko aukera badagoela oraindik, batez ere, gaztetxoen taldeak sustatu nahi dira. Zalantzak argitzeko eta izen emateak egiteko, bi helbide elektroniko hauek daude aukeran :

aukea@arrasate-mondragon.net

ake.tenis@gmail.com