Iker Pavonek eskuratu du gidabaimena euskaraz ateratzeagatiko Arrasateko Udalaren saria

2020/02/05
Card image cap
Arrasateko Udalak azterketaren kostua itzuliko dio. Juan Ramon Mendieta, Kultura Saileko zinegotziaren eskutik jaso du 410 euroko saria

2019an 20 pertsonek atera dute gidabaimena euskaraz Arrasaten ‘Gidabaimena Euskaraz’ programara atxikitako autoeskoletan. Horien artean, urteroko moduan,  zozketa burutu da. Saria da Arrasateko Udalaren partetik azterketaren kostuaren itzulketa irabazleari. 2019koa Iker Pavonek eskuratu du. Peñakoba autoeskolan trebatu da azterketa egiteko. Udalaren izenean, Juan Ramon Mendietak, Euskara Saileko zinegotziak,  eman dio 410 euroko saria.

Zinegotziak nabarmendu du “garrantzitsua” dela euskararen erabilera alor guztietara zabaltzea eta horretarako baliabideak eskaintzea: “gure ama hizkuntza zaindu, babestu, eta bereziki erabilera bultzatzea ezinbestekoa zaigu. Baliabideak behar ditugu horretarako, eta honakoa da adibide garbia: euskaraz gidabaimena ateratzeko aukera sustatzen dihardugu eta geroz eta arrasatear gehiagoren eskura dago. Arrasate herri euskalduna da, baina euskara are gehiago erabili behar dugu; gure ama hizkuntza da, eta eguneroko bilakatu behar dugu; uneoroko. Bidea hori da: eskaini eta animatu; sustatu; erabilera sustatu, motibatu, eta egunerokora ekarri”.

2009tik abian den ekimena

Debagoienako Mankomunitateak eta bailarako euskara zerbitzuek egindako lanari esker, autoeskolen eskura jarri zen 2009an azterketa teorikoa euskaraz lortzeko materiala: Teoria orokorreko eskuliburua, Testak (ikasleek Internet bidez egin ditzakete testok), Multimedia programa (euskaraz entzuteko eta 3D ikusteko), Autoeskolan eduki beharreko panel informatibo elebidunak, eta Terminologia hiztegia.

Ekimen honi bultzada emateko, Arrasateko Udalak egitasmoaren sustapen kanpaina egiten du urtero, udaberri aldera, ikastetxeetan eta autoeskoletan, ‘Arrasateko herritarrak animatu nahi ditugu gidabaimena euskaraz ateratzera’ lelopean.