Iñaki Etxabe Orobengoa eta German Agirre Irasuegiren aitortza ekitaldia egingo du Arrasateko Udalak urriaren 16an

2020/10/08
Egubakoitzean, arratsaldean, 18:30ean izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

2020ko urrian 45 urte bete dira Iñaki Etxabe eta German Agirre bidegabeki erail zituztela, eta Arrasateko Udaleko Bizikidetza batzordeak, zeina udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek osatzen duten, oroimen eta aitortza ekitaldia antolatzea erabaki du urriaren 16rako.

Aurreko legealdian, Arrasateko Udalak memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion. Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdien arteko elkarlanetik, pausu batzuk eman ziren 1936-2018 aldian gure herrian eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko, eta biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman ere bai. Oraingoan Arrasateko Udalak beste urrats bat eman nahi du bide horretan, motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktima Iñaki Etxabe Orobengoa eta German Agirre Irasuegi oroitu eta aitortzeko.

Ekitaldia urriaren 16an, egubakoitza, egingo da, 18:30ean Udaletxeko Pleno Aretoan. Covid-19a dela eta, sarrera mugatua izango da eta segurtasun neurri guztiak bete behar dira. Beraz, osoko bilkuren aretoan tokia lehenetsi da udal talde politikoetako ordezkarientzat eta Iñaki Etxaberen eta German Agirreren familiartekoentzat. Baina udalak pantaila handi bat jarriko du Kulturaten ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko, herritarrek ere ekitaldi honetan parte hartu ahal izan dezaten, eta aukera izan dezaten familiartekoei babesa eta gertutasuna adierazteko.

Udaletik arrasatear guztiei gonbita egiten zaie Kulturaten ekitaldia jarraitu dezaten edo herriko plazan familiei gertutasuna eskaintzera bertaratu daitezen. Eta ekitaldiaren amaieran Kulturaten bildutakoei ere gonbita egingo zaie Herriko plazara gerturatzeko.