Indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapenarekin bat egiten duen egitaraua aurkeztu du Emakume Txokoak, azaroaren 25aren testuinguruan
2025/11/19
Datorren asteartea, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izango da, eta egun horren testuinguruan, herrian, hausnarketarako eta aldarrikapenerako antolatu diren ekimenak biltzen dituen egitaraua aurkeztu du Emakume Txokoak.
Aurtengoan ere, Mugimendu Feministak eta Emakume Txokoak antolatutako ekimenak jasotzen ditu etxe guztietara iritsi den A25 egitarauak.
Mugimendu feministaren mobilizazioetako hitzorduekin hasiera
Azaroaren 25eko programa elkarretaratzeekin abiatuko da. Bi dira zehazki deialdiak:
Gazte Feministak eta Ikamak, eguerdiko 12:00etan Herriko Plazan biltzeko deia egin dute, indarkeria matxistaren aurkako aldarria kaleratzeko helburuarekin. Horrez gain, Arrasateko Mugimendu Feministak, arratsaldeko 18:30erako egin du elkarretaratzeko deialdia Herriko Plazan, “Konplizitate sareen aurrean ERRESISTENTZIA FEMINISTA” lelopean.
Hausnarketarako eta salaketarako egitaraua
Azaroaren 25aren testuinguruan emakumeon* gorputzen gaineko botere harremanak eta indarkeriak salatzen dira. Antolatu diren tailer, antzezlan eta solasaldian, indarkeria horien bizipenetatik abiatuta, hausnarketarako eta salaketarako topaguneak eskaini nahi dira.
Azaroaren 27an, La Cosa antzerki obra taularatuko du Cristina Castillok, 18:30ean Juan Artzamendi Musika Etxeko auditoriumean.
Kontakizun pertsonal, intimo eta apurtzailea da Cristinak dakarkiguna. Haurtzaroko sexu indarkeria oinarri duen obra honek, indarkeria salatzeaz gain, erreparaziorako tresna izateko asmoa ere badu. Guztia baina umoretik kontatua eta kantatua. Izan ere, antzezleak berak dioen bezala, barre, oihu, kantu eta dantza egin behar da, nahiz badirudien hasiera batean, ez den bateragarria gaiaren gordintasunari erreparatuta.
Azaroaren 29an, aldiz, Autodefentsa Feminista tailerra eskainiko da Emakume Txokoan.
“Tailerrak espazio seguru eta aske bat eskaini nahi du, emakumeok* indarkeria matxistaren bueltan izan ditugun bizipenak partekatzeko, horietaz hausnartzeko eta taldean gure buruak indartzeko. Hori guztia, autoestimu feminista oinarri hartuta” azaldu dute Emakume Txokoko teknikariek. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da Emakume Txokoan.
Eta aurtengo egitarauarekin amaitzeko, edota berau borobiltzeko, abenduaren 2an, asteartean, Irantzu Varela eta Nerea Lorón “La Furia”ren arteko elkarrizketaz gozatzeko aukera izango dugu 18:30ean Kulturateko Areto Nagusian.
Solaserako abiapuntua Varelak argitara eman duen “Lo que quede” liburuak eskainiko du. Liburua idaztera zerk bultzatu zuen, zein harrera izan duen eta liburuaren bueltako bestelako xehetasunak partekatuko baditu ere Irantzuk, arreta berezia eskaini nahiko genioke egun bizi ditugun indarkeriei eta indarkeria hauei heltzeko moduei ere. Gustu baduzue, bertan egingo dugu topo” azaldu du Nerea Loronek, “La Furia”k.
Mobilizazioekin bat egiteko deia
Bere aldetik, Eva Abuinek, Feminismo eta LGTBIQ+ zinegotziak, jakinarazi du: “Indarkeria matxista desagerrarazteko konpromisoa adierazi nahiko genuke, herriko eragileen eskutik antolatu diren elkarretaratzeen zein Berdintasun Sailetik antolatu diren bestelako ekimenen bitartez. Herritarrak mobilizatzera animatu nahi ditugu”.
