Indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi eta azaroaren 25aren inguruko egitaraua aurkeztu du Emakume Txokoak
2026/11/16
Indarkeria matxistaren aurrean beste alde batera begiratzea ez da aukera bat.
Errealitate hori ikusaraztea, salatzea eta hari aurre egiteko konpromiso kolektiboa indartzea ezinbestekoak dira. Mezu horrekin aurkeztu du Arrasateko Emakume Txokoak azaroaren 25aren, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira herriko Mugimendu Feministarekin elkarlanean antolatutako egitaraua.
Programazioak hausnarketarako, salaketarako eta ahalduntzerako hainbat espazio eskainiko ditu, bizipenak partekatu, errealitateak azaleratu eta sare kolektiboak indartzeko.
Hausnarketarako eta salaketarako espazioak
Azaroaren 18an hasiko da egitaraua, Pamela Palenciano aktore eta ekintzaile feministaren Arrancamiento bakarrizketarekin. Seme-alaben aurkako sexu-abusuak salatzen dituzten amen kalbario judiziala eta sistemak emakume horiei zein haurrei eragiten dien indarkeria ditu ardatz. Isilarazitako amen ahotsa entzunaraztea du helburu. Emanaldia 18:30ean izango da, Juan Arzamendi Musika Eskolako auditorioan.
Azaroaren 21ean, Autoafirmazioa eta mugak jartzea tailerra egingo da. Emakumeok* mugak ezartzen, ezetz esaten eta gure premiak eta desioak adierazten ikastea izango du helburu, baita tratu txarreko egoerei aurrea hartzeko eta komunikazio-estrategiak lantzeko aukera eskaintzea ere.
Azaroaren 25ean, kalera ateratzeko bi hitzordu
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean bi mobilizazio egingo dira Arrasaten. Gazte Feministek eta Ikamak 12:00etan jarri dute hitzordua Herriko Plazan. Arratsaldean, 19:00etan, Arrasateko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du Seber Altube plazan, Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoari feminismoz erantzun lelopean.
Autodefentsa feminista, egitarauari amaiera emateko
Abenduaren 12an, Autodefentsa Feminista tailerra egingo da Emakume Txokoan. Indarkeria matxistaren inguruko bizipenak partekatzeko, horietaz hausnartzeko eta taldean indartzeko espazio seguru eta askea eskainiko du, autoestimu feminista oinarri hartuta. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Emakume Txokoan.
Mobilizazioekin bat egiteko deia
Eva Abuín Feminismo eta LGTBIQ+ zinegotziak indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du, eta herritarrak mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu: «Indarkeria matxista desagerrarazteko konpromiso irmoa dugu. Konpromiso hori eguneroko lanean erakusten dugu, baita herriko eragileekin elkarlanean antolatutako ekimenen eta mobilizazioen bidez ere. Herritar guztiak animatu nahi ditugu azaroaren 25ean kalera ateratzera, indarkeria matxistaren aurkako aldarria guztiona delako eta aurre egiteko ardura kolektiboa delako».