Indarkeria matxisten prebentziorako, sentsibilizaziorako eta arretarako baliabideak Santamasetan.

2023/12/20
Card image cap
Santamas jaiari begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, euskarri edo baliabide ugari plazaratu dugu.

Baliabide horietako bat da “Indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea”, Arbolapetan egongo dena.

Zerbitzu hori da informazio gunea, jai eremuan kokatua, herritar guztiak indarkeria matxistaz kontzientziatzeko. Hor emakume batzuk egongo dira, adituak indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan, prest egongo baitira gerturatu gura duten emakumeen* eta nesken* zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gainean bizipenak eta iritziak jasotzeko. Horrekin batera, informazioa eta laguntza eskainiko dira zer-nolako bitartekoak dauden indarkeriari aurre egiteko.

“Indarkeria matxistaren prebentzioa eta sentsibilizaziorako gunea” 20:00-00:00ak tartean egongo da Arbolapetan, Santamas egunean.

Bestetik,  “Eraso matxisten aurrean arreta eta esku hartzerako puntua” ere egongo da Gazte Bulegoan.

Arreta puntuaren xedea da arreta emozionala zein bide laguntza eskaintzea jaietan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean erasoa jasan duenari, aurrez aurre nahiz telefonoz. Eta eskainiko dira informazio egokia eta aholkularitza, erasoa jasan duenak jakin dezan zer-nola egin egoerari aurre.

Arreta puntua, Santamas gauean 00:00-08:00ak arte egongo da irekita Gazte Bulegoan.

Bukatzeko, jaietarako propio, “arreta telefono” zerbitzua egongo da abenduaren 21ean eta 22an, gauez, 00:00etatik goizeko 08:00etara. Telefono zenbakia 688 80 91 37 izango da eta hainbat lekutan egongo da ikusgai. Zenbaki horretan informazioa eta aholkularitza eskainiko dira, eraso matxista bat izanez gero.

Euskarri eta baliabide horien guztien helburua da nesken* ahalduntzea indartzea, eta mutilen jarrera sexista eta matxistak prebenitzea, izan ere, jaiak emakumezkoentzat* ere espazio seguruak izan behar dira.

Udaleko Berdintasun sailetik eskaintzen diren baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzuekin eta protokoloekin koordinaturik egongo dira, esaterako Udaltzaingoarekin. Indarkeria sexisten aurrean Santamas egunean bestelako arreta telefono zenbakien informazioa: Udaltzaingoa (943 25 20 10), Larrialdiak (112) eta telefono bidezko arreta zerbitzua 24 ordu EAEn (900 84 01 11).

Jaietan ere tratu ona sustatu eta disfrutatu. Indarkeria matxistarik gabeko Santamasak guztiontzat!