Irailaren 2tik 11ra ospatuko da Kulturate Akustikoaren XIV. edizioa

2022/07/27
• Guztira 6 artista eta talde batuko ditu. Kontzertuak Kulturateko Areto Nagusian egingo dira, guztiak 20:00etan. • Kontzertuak hilaren lehen bi asteburuetan eskainiko dira, egubakoitzean, zapatuan eta domekan, eta sarrerak kontzertuan bertan eskuratu ahal izango dira doan.

Dagoeneko uda sasoian bete-betean murgilduta gauden honetan, Arrasateko Udalak 'XIV. Kulturate Akustikoa' programa gehitu dio udako kultura zein turismo eskaintzari.

Musika ziklo hori irailaren 2tik 11ra bitartean ospatuko da, eta guztira 6 artista eta talde batuko ditu. Kontzertuak hilaren lehen bi asteburuetan eskainiko dira, egubakoitzean, zapatuan eta domekan, eta sarrerak kontzertuan bertan eskuratu ahal izango dira doan.

Kontzertuak, halaber, Kulturateko Areto Nagusian egingo dira, guztiak 20:00etan, eta urte barruan antolatzen diren gainerako musika zein kultura egitarauek bezala, helburu dute herriko kultura eskaintza zabaltzea eta kultura bera sustatzea, bereziki une gogor hauetan, kultura eragileen lana balioan jarriz eta indartuz.

Era berean, Kulturate Akustiko musika zikloak, uda agurtzeko aukera paregabea eskainiko die ikusleei. Ondorengoak dira XIV. edizio honetan Arrasaten izango diren artista eta talde gonbidatuak:

Irailak 2, ostirala, 20:00etan: Amaia Miranda. Amaia Miranda gitarrista eta konpositorea da. Cuando se nos mueren los amores  inperfekzioa aldarrikatu nahi duen album biluzi eta gordina da. Mozketarik gabe eta etxean grabatuta, diskoak giro soinua musikari bat gehiago bihurtzen du eta Amaiaren intimitatera bidai bat proposatzen du. Abestiek gaztarotik heldutasunerako bidean sortzen diren emozioetan sakontzen dute. Zentzu horretan, diskoak bilaketa pertsonal bati erantzuten dio baina entzulearentzat baltsamo izan nahi du ere.

Irailak 3, larunbata, 20:00etan: DOS. DOS disfrutatu eta sentitzeko musika da. "Súper", bere lehen EPak entzule desberdinen aldetik onarpen handia izan du eta aipamen eta elkarrizketa onak bertako eta nazioarteko komunikabideetan.

Irailak 4, igandea, 20:00etan: MICE. Miren Narbaizak bere bakarkako proiektuan sakontzen jarraitzen du. 2017an sortu zuen MICE, Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ibili ostean. Bi argitalpen editatu ditu, izen bereko diskoa 2017an eta lau kantuz osatutako ‘Zilar printzak’ EP-a 2019an. Rocka beti abiapuntu, beste estilo batzuetara hurbiltzea gogoko du MICEk, atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe eta ahotsa denaren gidari duela.

Irailak 9, ostirala, 20:00etan: Ghau, Gartxot Unsain. Musika talde bat baino gehiago izan nahi duen proiektua da Ghau. Kantuak bestelako diziplinekin nahasteko zirrara bati jarraituz, dantza, musika, dramatizazioa eta arte plastikoen bitartez sentimendu sorta bat helaraztea da asmoa, energia transmisio berezi bat. Kantuak oinarri, bisualki indartsua den estetika bat sortzea izan da helburua, nire istorioari eurena batzea.

Irailak 10, larunbata, 20:00etan: Maruja Limón. Maruja Limón Bartzelonako bost kidez osatutako taldea da, flamenkoaren, poparen eta erritmo latinoen artean dagoen bere bizi-musikagatik bereizten dena. 2022an, MARUJA LIMONek bere hirugarren diskoa aurkeztu du: 'Vidas' (Satelite K, 2022). Energiaz, intentsitatez eta alaitasunez betetako lana. Flamenkoa, popa, erritmo latinoak eta hirikoak heldutasunez nahasten dira ahots eta bizitza multzo bat osatzen duten letrekin. Gure auzoetan bizi diren istorioak, beren orainak, iraganak eta etorkizun posibleak azalduz.

Irailak 11, igandea, 20:00etan: Frank Blackfield. “Amerikako musikaren bihotzera egindako bidaia,  disko bihurtuta.”Horixe da Blackfield-en 10 abestiz osatutako azken bilduma: Still Free ‘n rockin’ (2020), Jorge Pais, Nagore Etxabe eta Nagore Michelena bidaide mundial dituelarik, Oiartzungo Mecca estudioan grabatu duen laugarrena. Rock, blues eta country-aren klasikoenen artean joan-etorria, edozeinentzako musika ezin hobea. Estatu Batuetan hogeita hiru urte egin zituen Folk eta Country-Blues musikari gisa. Orain dela ia 25 urte itzuli zen Europara. Ikus-entzuleak Atlantikoaz bestalde eramango ditu ordu eta laurden inguruko emanaldian.

Kulturate Akustikoa