Irailaren 7tik aurrera 7.500 erosketa-bono gehiago jarri ditu salgai Arrasateko Udalak ‘Txikiak egiten gaitu haundi’ kanpainaren baitan

2020/09/08
Card image cap
Aurreko baldintza berberak dituzte erosketa bonoek: herritarrak 10€ ordainduta 30 euroko balioa eskuratzen du. Familia bakoitzeko bat edo bi eskura daitezke unitateko kideen arabera.

Herriko negozioei itxialdiak ekarritako krisiari buelta ematen laguntzeko abian jarritako ‘Txikiak egiten gaitu haundi’ kanpainaren erosketa bonoak berriz ere salgai jarri ditu Arrasateko Udalak. 7.523 erosketa-bono eskura daitezke irailaren 7tik urriaren 31a bitarte. Aurreko baldintza berberak dituzte erosketa bonoek: herritarrak 10 ordainduta 30 euroko balioa eskuratzen du. Familia bakoitzeko bat edo bi eskura daitezke unitateko kideen arabera. Aurreko sortan bonoak erosi zituzten arrasatearrek ere parte har dezakete edizio berrian.

Bono bakoitza hiru frakzioz osatuta dago: 5€, 10€ edo 15€. Frakzio bakoitza zatiezina da.  Bonoak trukatzeko Nortasun Agiria aurkeztu beharko da aldi berean.

Arrasateko establezimenduetan soilik erabili ahal izango dira: denda edo zerbitzuak. Kanpainatik kanpo geratuko dira azalera handiko saltokiak, loteria eta bestelako joko establezimenduak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak eta janari dendak.

Urriaren 31ara bitarte eskura daitezke bonoak Udalean bertan eta BAZen. Informazio gehiago behar izanez gero jo honako web orrialdera: www.txikiakegitengaituhaundi.eus.

Arrasateko Udalak nabarmendu du “herritarren eta merkatarien aldetik oso harrera ona eduki dute bonoek. Herriko saltokiekin elkarlanean garatu dugu bono kanpaina, beste hainbat laguntza lerro eta tasa salbuespenak aplikatzearekin batera. Herriko ehun ekonomikoa ezinbesteko aktibo da aurrera egiteko: aberastasun eta enplegu sortzaile dira, herritarren ongizatea bermatuz; herriaren garapen ekonomiko zein sozialaren zimendua” adierazi dute udal ordezkariek.

‘Txikiak egiten gaitu haundi’ kanpainak 235.770 euroko eragin ekonomikoa izan du herrian ekainetik abuztura bitartean

Koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, herriko saltoki asko itxita egon ziren konfinamendu garaian. Arrasateko Udalak, herriko saltokiei konfinamendu egoerak ekarritako sarreren murrizketa negozioei itxialdiak ekarritako krisiari buelta ematen laguntzeko, ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpaina jarri zuen abian ekaina hasieran. Helburu du bertako kontsumoa suspertu eta egoerak kaltetutako familiei laguntzea.

15.000 bono jarri ziren salgai ekainean, herriko familia unitate bakoitzeko bat edo bi bonotara mugatua, kideen arabera. Lehen salmenta-sortan 7.859 bono saldu ziren. Herrian sortutako eragin ekonomia 235.770 eurokoa izan da. 107 saltokitan erabili dira guztira.

Irailaren 7an abian jarritako txandan, 15.000 bonoak osatzen dituzten 7.141-ez gain, Arrasateko Eusko Alderdi Jeltzaleak egindako diru-aportazioarekin, alderdi politiko 7.141€, ia 400 bono gehiago jarriko dira herritarren eskura. Guztira 7.523 erosketa bono. Arrasateko EAJ-PNVk alderdi politikoen esleipen ekonomikoa koronabirusaren aurkako borrokara bideratu du larrialdi sanitarioak irauten duen bitartean.

3 lan ildo

‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainak hiru lan-ildo ditu: 450.000 euroko kontsumo bonoak (300.000 euro finantzatzen ditu Udalak), bertako saltokietan kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina, eta itxita egon diren edo zerbitzu minimo bat eskaini duten 15 langile edo gutxiagoko enpresei 2020ko lehen sei hilabeteetako ur, zabor eta mahai eta aulkien tasak ez kobratzea.

Udala diru-laguntza lerro berri bat prestatzen ari da, Arrasateko establezimenduak higiene eta babes behar berrietara egokitzeko egindako inbertsioa laguntze aldera. Irailean zehar eskainiko da xehetasun gehiago.