Irakurketa Feministen Guneak hamar urteko ibilbidea ospatuko du Arrasaten, erakusketa berezi batekin
2026/10/26
Hamar urte igaro dira Emakume Txokoko Irakurketa Feministen Guneak ateak ireki zituenetik. Ordutik, irakurketaren bidez, emakumeek eta disidenteek idatzitako lanak eta askotariko errealitateak ezagutzeko, gogoeta feminista sustatzeko eta bizipenak partekatzeko elkargunea izan da.
Urteurrena ospatzeko, Emakume Txokoarekin eta Arrasateko Liburutegiaren laguntzarekin, bi proposamen prestatu ditu, hamar urte hauetan egindako ibilbidea eta partekatutako irakurketak herritarrei hurbiltzeko.
Batetik, Emakume Txokoan ikusgai dago dagoeneko Irakurketa Feministen Gunearen hamar urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa interaktiboa, azaroaren 14ra arte. QR kodeen bidez, liburuei eta bizipen pertsonalei buruzko hainbat ahots entzuteko aukera ere izango da. Erakusketa astelehenetik ostegunera bisitatu ahal izango da, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Bestetik, Arrasateko Liburutegian erakustoki tematiko bat jarri dute ikusgai, taldearen irakurketa kuttunenak biltzeko. Bertan, azken hamar urteetan irakurritako liburuen artean aukeratutako lanak ezagutzeaz gain, taldekideen ekarpenak jasotzen dituen Kuttunenak liburuxka ere eskuragarri dago.
Bi ekimenen bidez, herritarrak Irakurketa Feministen Gunea ezagutzera, liburuen artean kuxkuxean ibiltzera eta urte hauetan partekatutako irakurketa eta bizipenetara gerturatzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek.
Hamar urteko ibilbidea ospatzeko eta irakurketaren bidez gogoeta feminista partekatzen jarraitzeko aukera da hau.