Iturripeko kiroldegi berriaren lanak esleitzeko prozesua azken fasean sartu da eta kirol kluben birkokapena bideratuta dago
2026/09/23
Iturripeko kiroldegi berriaren eraikuntza lanak esleitzeko prozesua azken fasean sartu da, eta Udalak espero du obrak urtea amaitu baino lehen hasiko direla. Obrak martxoan atera ziren lehiaketara eta 30 milioi euroko inbertsioa biltzen dutenez, lehiaketaren epeak luzeagoak izan dira legeak hala aginduta. Irailean UTE bati esleitu zaio kontratua eta gaur egun dokumentazio administratiboa aurkezteko epea dago zabalik. Lanek iraun bitartean, Iturripen egoitza duten kirol taldeen lekualdatzea datozen aste eta hilabeteetan gauzatuko da.
Arrasateko Kirol Zinegotziak adierazi duenez, "behin-behineko espazio egokitu hauek bi urte eta erdiko iraupena izango dute, instalazio moderno eta berriak eraikitzen diren bitartean". Esker bereziak eman dizkie herriko kirol klubei eta elkarteei erakutsitako "eskuzabaltasun eta egokitzeko gaitasun handiagatik". Azkenik, gogorarazi du "denok bat egiten dugula kiroldegi berri baten beharrarekin, eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa dela trantsizio epe hau igarotzea".
Kirol kluben eta ikastetxeen lekualdatze zehatzak
2025etik gaur arte, Udalak etengabeko elkarlana mantendu du kirol elkarteekin entrenatzeko zein lehiatzeko espazioak bermatzeko. Iturripe herriko kirol klub askoren zein ikastetxeen gorputz hezkuntzako saioen egoitza nagusia izan denez, berrantolaketa zabal bat egin da instalazio desberdinen artean. Antolaketa hori jasotzen duen txostena eman du ezagutzera Udalak. Hemen xehetasunak:
-
Saskibaloia (Ointxe!): Neska zein mutilen lehenengo taldeek Aretxabaletako kiroldegian entrenatu eta jokatuko dituzte partiduak. Horrez gain, Ointxe taldeak Arrasateko Institutuko kantxa eta horretarako berritutako Antoñako kantxa erabiliko ditu entrenamenduak egiteko.
-
Eskubaloia (Arrasate Eskubaloi Taldea): Kirol honen kasua izan da zailena, Arrasaten Musakolaz gain jokatzeko moduko beste pistarik ez dagoelako. Irtenbidea emateko, Aretxabaletako Almen ikastetxeko pista berritzeko inbertsioa egin da, eta bertan egingo dituzte entrenamendu nagusiak.
-
Leintz Eskola Kirola (LEK): Arratsaldeko lehen orduetan egiten zituzten saioak Musakolako pista eta frontoietan zein Arizmendi Ikastolaren instalazioetan banatu dira.
-
Ixotu Irristaketa Taldea: Entrenamenduak Musakolara mugitu dira; zati bat frontoian egingo dute eta bestea sarrerako kanpoko pista estalian.
-
Gorputz Hezkuntzako saioak: Ikastetxeetako saioak Uarkapeko frontoiaren eta Musakolako kiroldegiaren artean banatu dira.
-
Asteburuetako lehiaketak: Klub guztiek partiduak jokatu ahal ditzaten, Musakola kiroldegiko erabilera moldatu da asteburuetan ordutegi zabalagoa eskainiz, kiroldegia itxita egon arren partiduak jokatzeko aukera bermatuz.
Iturripe berria: Kiroldegia eta Hiri Parkea
Iturripe gunearen informazio eta irudi guztiak www.arrasate.eus/iturripeberria atarian aurkitu daitezke. Egitasmo berri honek azpiegitura bikainak eskainiko dizkie arrasatearrei:
-
Kiroldegi berria: 650 m² baino gehiagoko gimnasioa, klubentzako 18 aldagela zein biltegiak, tatamia, areto polibalenteak, bi frontoi berri (bat irekia), kanpoko rokodromo urbano bat eta 1.700 m² baino gehiagoko bi kirol-pista handi. Horrez gain, eraikina jasangarria eta eraginkorra izango da, kontsumo ia nulukoa eta babes klimatiko gisa diseinatua.
-
Hiri Parke berria: Aisialdirako eremu berdea, ibaiaren ertza berreskuratua, haur-parkea, taberna, atseden-guneak, bizikletentzako aparkaleku estaliak eta adinekoentzako zein mahai-teniserako kirol-eremuak.