Iturripeko lursaila dagoeneko Udalarena da eta obrak urte amaierarako hastea aurreikusten da
2026/10/14
Arrasateko Udalak beste urrats ezinbesteko eta erabakigarri bat eman du Iturripe berria errealitate bihurtzeko bidean. Pasa den astean notaritzan sinatu zen maiatzean Arrasateko Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Garaia Parke Teknologikoak (S. Coop.) lortutako hiruko hitzarmen administratiboa. Sinadura eta izendapen aldaketa formal honi esker, Iturripeko lursaila dagoeneko Udalaren jabetzakoa da, eta, hau, Jabego Erregistroan ere inskribatu da.
Jabetza eskuratzea ezinbesteko baldintza zen Udalarentzat eremu horretan aurreikusitako proiektu estrategikoa garatu ahal izateko. Jabetza aldaketarekin batera, Udalak jakinarazi du bihar ospatuko den Osoko Bilkuran kiroldegi berria egiteko lanak esleituko direla, eta aurreikuspenen arabera, eraikuntza-obrak urte amaierarako hasiko dira.
Maiatzeko hitzarmenaren edukiaren berrespena
Notaritzan bermatutako akordio honek maiatzean adostutako oinarriak eta konpromisoak berresten ditu:
- Partzelen trukaketa: Akordioa hiru aldeen arteko partzelen trukaketan oinarritzen da; ondorioz, Gizabidea Fundazioarena zen Iturripeko partzela eta Arrasateko Udalarena zen Garaia Parke Teknologikoko ESLD1 finka trukatu dira.
- Garaia Parke Teknologikoaren egokitzapena: Trukaketa hau ahalbidetzeko, Garaia Parke Teknologikoak uko egin dio ESLD1 finkaren gainean zuen administrazio-emakidari, eta haren alde azalera-eskubide bat sortu da bere jarduera bermatuz.
- Kirol-azpiegiturak eta hiri-parkea: Lursailaren jabetza lortuta, Udalak kirol-azpiegitura modernoak eta egokiak garatuko ditu egungo eremua eraldatuz, herritarrei gutxieneko zerbitzuak bermatzeko eta udalerriko kirol-eskaintza modernizatzeko.
- Ingurunearen hobekuntza: Kirol-instalazioez gain, eremuan hiri-parke berri bat eraikiko da eta ibai-ertza birnaturalizatuko da, ibaiarekiko harreman zuzena ahalbidetuz.
Erakundeen arteko lankidetza eta adostasuna
Arrasateko Udalak berriro ere esker ona adierazi die Gizabidea Fundazioari eta Garaia Parke Teknologikoari prozesu honetan guztian erakutsitako lankidetza eta adostasunerako prestutasunagatik. Hiru erakundeen arteko elkarlanari esker, bakoitzaren etorkizuneko proiektuak uztartzea eta herri-intereseko ekimen honi bidea zabaltzea lortu da.