ITZULI BARIK erakusketa inauguratuko da Kulturaten egubakoitzan

2019/09/20
Aipatu erakusketa ikusgai egongo da urriaren 19a bitarte eta hiru artisten obrak bilduko ditu: Alazne Zubizarreta arrasatearrarenak, Daniel Llariarenak eta Natalia Suarezenak

Arrasatek Kulturaren alde egiten duen apustuan, datorren hilaren 20tik urriaren 19a bitartean arte esparruari loturiko ekimena jasoko du herrian, “Itzuli Barik” erakusketa, alegia, Leire San Martinen gidaritzapean.  

Aipatu erakusketa Eusko Jaurlaritzak abiarazitako Eremuak programan jasotako Harriak egitasmoaren baitan kokatzen da eta helburu du zehazki, arte garaikideari  lotutako lanak balioan jarri eta ezagutaraztea.

Horrela, Itzuli Barik erakusketak hiru artisten obrak jasoko ditu: Alazne Zubizarreta arrasatearrarenak, Daniel Llariarenak eta Natalia Suarezenak. Horretaz haratago, ekimen horren baitan jada jarduera ezberdinak burutu dira, hala nola, hilaren 6, 7 eta 8an Arrasateko TTAK! gazte taldearekin eta aipatu hiru artistekin egindako arte laborategia edota bertako esperientziatik egindako lana. Azken hori, hain zuzen, Kulturaten egongo da ikusgai hiru artisten lanekin batera.

Irekiera ekitaldia ostiralean izango da arratsaldeko 19:00etan eta zuzeneko musikaz girotuta egongo da. Izan ere, gerturatzen direnek  Miren Artetxe, Maddi Gallastegi, Maider Arregi eta Ane Zuazubiskarrek eskainitako bertso saioaz gozatu ahal izango dute, baita  TTAK! Taldeko Ekiñe Casadok eskainiko duen bertsio kontzertuaz ere.

Eta erakusketaren helburua arte mundua zein arte garaikideko lanak balioan jarri eta ezagutaraztea denez, urriaren 19an, itxiera ekitaldi gisa, Ana Isabel Ugaldek bisita gidatu bat eskainiko du.

Artea eta arte lanak bultzatuz

Eremuak programa 2010ean sortu zen artista eta sortzaileentzat plataforma edota espazio bat eskaintzeko xedez. Horrela, Eremuak programaren helburua arte garaikidea edota bestelako jarduera artistikoak balioan jarri eta herritartzea da eta hori abiapuntutzat harturik, Harriak deituriko ekimena jarri du berriki martxan.

Ekimen hori arte garaikideari loturiko ekimena da, arte mota horren inguruko lan prozesuak balioan jarri, ikusarazi eta ezagutarazteko sortua, hain zuzen. Harriak, EAEko kultur-etxe desberdinetako aretoetan jorratuko da, gorabidean dauden artista eta bitartekarien laguntzarekin, horien lana erakutsi eta ezagutzera emanez

Argazkia: Marijo Simon - Mondraberri