Izaskun Murgia Elkarte Lirikoarekin hitzarmena sinatu du aurten ere arrasateko udalak

2017/09/19
Akordio horren helburua da Arrasaten zarzuela ekoiztu eta sustatzea, baita elkarteak egiten duen lana balioan jarri eta ezagutaraztea ere eta horretarako Udalak 12.000€ko diru-laguntza emango dio elkarteari

Kulturaren aldeko apustuan, herriko kultura eskaintza zabaldu eta kultura bera sustatze aldera, hitzarmena sinatu berri du Udalak Izaskun Murgia elkarte lirikoarekin.

Aipatu elkarteak kantu lirikoko jarduerak antolatu eta sustatzea du helburu, bereziki zarzuelarekin loturikoak eta hori da, hain zuzen, Udalarekin berriki sinatutako akordioaren xede nagusia ere, Arrasaten zarzuela ekoiztu eta ezagutaraztea, alegia. “Izaskun Murgia elkarteak kultur elkarte bezala ekarpen handia egiten dio herriari eta ildo horretan, kultura izanik Udal honen lan ardatz nagusietako bat, elkartearen lana kontuan hartuta, hori bultzatu eta ezagutaraztea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu nahi izan dugu, urtero bezala”, adierazi dute Udaletik.

Horretarako, hitzarmenak jasotakoaren arabera, Udalak 12.000€ko diru-laguntza emango dio elkarteari, urteko zarzuela bat ekoiztu eta horren 4 errepresentazio egin ditzan. Halaber, Amaia udal antzokiko instalazioak eta pertsonala ere jarriko ditu elkartearen eskura obraren muntaia egin ahal izateko. “Hitzarmen horren bitartez, bi aldeek bere gain hartu ditugu hainbat konpromiso, eta erakunde publiko gisa, Udalaren betebeharra da elkartearen lana bultzatu eta errazteko baliabideak haien eskura jartzea”, adierazi du Udalak.

Amaitzeko Udala kontentu azaldu da sinatutako akordioarekin herrian kultur aukera eta ekintzak zabaltzen jarraitzea ahalbidetuko baitu. “Udal honek kulturarekiko apustu sendoa egiten du eta bide horretan etengabe urratsak ematen jarraituko dugu, herriarentzat eta herritarrentzat onuragarriak izango den proiektu, ekimen eta ekintzak garatuz”, amaitu dute Udaletik.