Jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarri ditu Emakume Txokoak
2025/06/18
Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ sailak, sanjuanei begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, aurten ere hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko ditu, hala nola, indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, arreta puntua edota arretarako telefonoa.
Azken hau urteroko telefono zenbaki berbera izango da, 688 809 137 zenbakia. Larunbat arratsaldeko 20:00etatik hasi eta asteazken goizeko 8:00etara egongo da erabilgarri eta laguntza eskatzeaz gain, informazio edo aholkua emango dute. Telefonoa erabilgarri egongo da emakumeentzat edota LGTBI+ pertsonentzat.
Informazio gunea Arbolapetan
“Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea” Arbolapetan egongo da ekainaren 21, 22, 23 eta 24ean, 20:00etatik 00:00etara. Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazio edo eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko.
Gune horren helburuak dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gune bat sortzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ematea, erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela, eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea.
Arreta puntua Gazte Bulegoan
Bestetik, jaietarako propio, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan. Aurten, ekainaren 21tik 24era, hau barne, 00:00etan hasi eta goizeko 08:00ak arte. “Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain,
arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefensa feministan emakume adituak aurkituko dituzu bertan. Horrez gain, espazioa irekita egongo da ere, LGTBI komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean” adierazi dute udal ordezkariek.
Eragile eta teknikariekin koordinazioan
Emakume Txokotik eskaintzen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, hala nola Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin.
Bestetik, San Juan jaietara begira, bi koordinazio gune nagusi jarri ditu Udalak, bata Udal barruko teknikari, politikari eta udaltzaingoaren artean; eta bestetik, mugimendu feminista eta udal ordezkarien artekoa. Arrasateko Udalak, diskriminaziorik gabeko jaiak aldarrikatu ditu.