Jaietarako 70 ekintzatik gorako egitaraua aurkeztu dute, “elkartasunaren atea” zabaltzeko deia eginez
2025/12/02
Arrasateko Udalak eta kultur eragileek gabonetarako kanpaina eta egitaraua aurkeztu dute Kulturateko Klaustroetan. “Badira elkartasunarekin irekitzen diren ateak” lemapean burutuko dituzten 70 ekintzatik gora, eta propioki sortutako spota aurkeztu dute.
Arrasateko Udalak aurtengo Gabonetako egitaraua eta kanpaina aurkeztu ditu gaur, Neguko Jaietan herrian sortzen diren sinergiei bultzada eta babesa emateko helburuarekin. Udalak nabarmendu du Gabon garaia une berezia dela herriko eragile eta norbanakoentzat: “lagunarteko bazkari eta afariak, kultur ekimen oparoak, familian elkartzeko uneak edota etenik gabe orduak hainbat eragile, ostalaritza eta dendarirentzat”. “Honek guztiak komunitate egiten gaitu, eta komunitate hori da Arrasate herri bizia bihurtzen duena”, adierazi du Jaime Bengoak, Udaleko Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko burua. Testuinguru honetan aurkeztu dute aurtengo spota eta 70 ekintzatik gorako egitaraua. “Aurten ez dago aitzakiarik: herrian geratzeko eta herriaz gozatzeko motiboak soberan ditugu”, adierazi du.
Harro egoteko moduko komunitatea Arrasaten
Jasone Giraldok, Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak, aurkeztu du aurtengo Gabonetako spota, eta oraingoan, helduen begirada soziala erdigunean jarri izana azpimarratu du: “bakardadea azken urteetako gaitz sozial bilakatu da, eta pandemiaren ondoren are nabarmenagoa egin da”.
Spotak Arrasateko sare komunitarioaren balioa erakutsi nahi du, eta herriko bizilagunek, dendariek eta eragileek bakardadearen aurkako eguneroko txertoa osatzen dutela gogora ekarri: “Herrian erosten dugunean edo elkar zaintzen dogunean, herri bezala, komunitatea osatzen ari gara”.
Halaber, jakinarazi du, Udalak eta Mankomunitateak hainbat proiektu dituztela martxan gai honi lotuta. Azaldu du, datozen asteetan aurkeztuko dituztela bakardadeari aurre egiteko ekintza espezifikoak, eskualdeko bakardadearen argazkia oinarri hartuta. “Komunitatetik erantzuteko, sarea ehundu eta bakardadearen korapiloa askatu behar dugu”, adierazi du Giraldok.
Aurtengo leloak —“Badira elkartasunarekin zabaltzen diren ateak”— komunitate indartsu eta elkarlanean oinarritutako Arrasate baten mezua berresten du.
70 ekintzetatik gora programatuta
Herriko plazan egingo diren bi hitzordu nagusik irekiko dute jaien egitaraua: abenduaren 3an, bihar, euskararen eguneko ekintzak, eta abenduaren 4an argiak pizteko ekitaldi parte hartzaileak. Hilabetez luzatuko da adin eta mota guztietako ekintzak jasotzen dituen egitaraua, eta urtarrilaren 6ra arte iraungo du; izan ere, gau horretan, argiak itzaltzearekin batera, emango zaio amaiera gabonetako kanpainari. Egitarau osoa webgunean: https://gabonetakoegitaraua.arrasate.eus/
- Haurrentzako egitarau zabala
Askotariko ekintzak izango dituzte haurrek aukeratzeko jai hauetan. Euskararen Egunean aurpegi margoketak egongo dira Herriko Plazan, eta hurrengo egunean, abenduaren 4ean, argiak pizteko ekitaldi parte hartzailea egingo da, Txatxilipurdik dinamizatuta. Hortik aurrera, hamaika ekintza haur eta familientzat. San Nikolas boloboloa, auzoetatik hasi eta erdigunean amaitu arte. La Caravana Escape Room Biterin Ibai Artek antolatuta, abenduak 5, 6, 7, eta 8an, edota haur eta gazteentzako puzgarriak abenduaren 13, 20, 26 eta 27an. Ipuin kontaketak, ludotekak antolatutako tailerrak, jolasak eta irteerak, kiliki eta erraldoiak, santamas krossa, Txoronpio eta Txoronpia eta Olentzero, besteak beste. Eta, nola ez, urtea ondo eta jolasean hasteko TXIKILANDIA gabonetako haur parkea izango da Uarkapen, ohi moduan, urtarrilaren 2tik 4ra.
- Denetariko ekitaldiak
- Musikan, herriko taldeen kontzertu eta kantaldiak izango dira, besteak beste, Erromintxelak taldearena, Trikitixa taldearena, Arrasate Musikalena edota Txorbela otxotearena. Euskal Herriko artista handietako bat ere Arrasateko Amaia Antzokian izango da abenduaren 23an, Ruper Ordorika. Beste batzuen artean ere izango dira “The Half Nelson” edo urteroko hitzordua bilakatu den Akordeoi Lehiaketako musika emanaldiak lehen asteburu honetan.
- Askotariko azokak izango ditugu herrian, guztiak Seber Altubeko karpan. Garrantzitsuena eta ezagunena, Santamasetako Azoka bera. Barazkiak, artisauak eta bestelako saltokiak izango dira. Ohitura bilakatu den Arrasateko artisauen azoka ere izango da Seber Altubeko karpan abenduaren 20, 21, 23 eta 24an. Horiea gain, azoka hauek ere karpan izango dira: Txatxilipurdiren jostailu truke merkatua abenduaren 13an, eta IMMEren emakume ekintzaileen azoka txikia abenduak 14 eta jostailu banaketa abenduaren 18an. Azkenik, berrikuntza bezala, “Gabonetako KM0 literatura azoka” egingo da karpan, LEIDAk antolatuta, Debagoieneko Idazleen Elkarteak.
- Adin guztietarako tailerrak izango dira. Hainbat eragilek antolatutakoak izango dira, besteak beste, txerri-dantza ikastaroa, pandero tailerra, kandelagintza eta txapa, pegatina eta gabonetako apaingarrien tailerra. Artisau sortzaileek gidatutakoak ere izango dira: sendabelarrena, larruzko trentzadun pultserak egitekoa edota ekoadernazio ikastaroa.
- Kaleak girotzeko kalejirak ere izango dira: Erraldoi eta Kilikien konpartsa kalejiran izango da abenduaren 21ean herriko kaleetan. Musika kalejiretan ere ez da motz geratuko, besteak beste, "Carrusel Ambulantes" antzerki zirko ibiltaria, trikitixa eskolaren kalejira Musakolatik edota Portaloi Taldearekin kantujira.
- Bestelako ekintza asko: besteak beste, euskarazko bakarrizketak, R&J antzerkia, AEDren bertso saioa eta Matx Eguna, esku pilota partidua, krosa edota dantzaldiak.
Gabonetako karpa berezia Seber Altube plazan, bigarren urtez
Bigarren urtez, Arrasateko Udalak, Gabonetako karpa jarriko du Seber Altube plazan. Karpan izango dira, besteak beste, azokak, kontzertuak, tailerrak, bakarrizketak…Horrez gain, gogorarazi dute, karpa irekita egongo dela egun osoan zehar. “Egitaraurik ez dagoenean, herritarrentzat aterpe izatea nahi dugu” adierazi dute.
Esker mezua eragile eta Udal langileei
Amaitzeko, esker mezua helarazi nahi izan die Udalak egitarauan parte hartuko duten eragile guztiei. “Eskerrik asko herriko ezinbesteko piezak izateagatik. Aisialdi euskaldun eta parekidea eskaintzeagatik eta euskal kultura zaindu eta ospatzeko egiten dozuen lan guztiagatik”.Udal langileei ere zuzendu zaie Udala. “Egun hauek askorentzat jai egunak diren bitartean, Udal langileentzat etengabeko lana izan ohi da. Beraz, eskerrik beroenak udal teknikari, brigadako langile edota garbitzaileei”.
Eskaparate lehiaketa eta 2026ko Udal Egutegiak
Amaitzeko, dagoeneko gabonen parte diren bi ekintzen berri eman du Udalak. Izan ere, datorren astetik aurrera abiatuko da Eskaparate Lehiaketaren edizio berria; herritarrek botoa emateko aukera izango dute, “herritarren saria” erabakitzeko. “Bozketa egunaren berri emango dugu, eta herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera”.
Bestetik, ohiko bilakatu den bezala, Udal Egutegia banatuko da abenduaren 15etik aurrera herriko komertzio eta taberetan banatuko dira. Gaur gaurkoz, inprentan dago, eta eskuragarri daudenean jakinaraziko da.