Juan Arzamendi Musika Etxearen obrak abian berriro ere

2021/09/17
Construcciones Moyua, SL enpresak egingo ditu lanak, lehiaketa publikoa irabazita. Aurrekontua da 3.991.404,78 euro (BEZa barne). Udal gobernuak espero du Juan Arzamendi Musika Etxea zabalik izatea 2022/2023 ikasturterako.

Juan Arzamendi Musika Etxearen obra abian da berriro ere. 2020ko uztailean Arrasateko Udalak aurreko obra kontratua Lurgoien SAU enpresarekin eten ostean, proiektuan egiteke utzi zituen lanak aztertu eta proiektua bera eguneratuta, obra berria lizitatu da.

Construcciones Moyua, SL enpresak egingo ditu lanak, lehiaketa publikoa irabazita. Aurrekontua da 3.991.404,78 euro (BEZa barne).

Lanen % 45 geratzen da egiteke: obra zibilaren banaketa amaitzea, instalazioak orokorrean, zoruak, arotzeria (leihoak, ateak…), fatxadaren azken ukituak, sabaiak, hormetako estalgarriak (estaldura) eta isolamenduaren zati bat.

Udalak Lurgoien SAU enpresaren abala gauzatu zuen, 239.000 eurokoa, eta zenbateko horrekin obren gastu gehigarri guztiak ordaindu ditu: obrak geldi egotean eraikina babesteko lanak, fatxadan zegoen estatua gordetzea, jartzeke zeuden leihoak eta proiektua berriro idaztea.

Udal gobernuak espero du Juan Arzamendi Musika Etxea zabalik izatea 2022/2023 ikasturterako: “Udal gobernuak argi du kulturaren eta sormenaren aldeko apustua ezinbestekoa dela. Atzerapena egon da Lurgoien SAU enpresak porrot egin zuelako. Baina egoeraren aurrean udalaren lehentasuna izan da ahalik eta lasterren obra abian jartzea, ahalik eta lasterren herriko eragileei, tartean Goikobalu abesbatza eta Arrasate Musikal, espazio egokiak eskaintzea beren jarduna burutzeko, hainbeste urteren ostean”.

Nabarmendu da kulturaren aldeko apustua “irmoa” dela: “Gure ildo estrategiko nagusienetako bat da: kulturak eta sorkuntzak ematen diote bizia eta nortasun propio eta bereizia Arrasateri. Lekua egin gura diegu kultura jarduera berriei, gureak indartu eta sorkuntza lana dinamizatu. Horretarako, Juan Arzamendi Musika Etxea, ezbairik gabe, faktoria garrantzitsua izango da”.