Juan Azarmendi Musika Etxearen obrei dagokien abala bereganatzea lortu du Arrasateko Udalak, 239.777 eurokoa.

2020/10/02
Card image cap
Kopuru hori bideratuko da obra eten, proiektua berriro abian jarri eta bitarte horretan eraikinean hartu behar izan diren segurtasun neurriak finantzatzeko.

Arrasateko Udalak Lurgoien SAU enpresak jarritako abala bereganatzea lortu du, jarri zuena Juan Azarmendi Musika Etxearen obra egiteko: 239.776,54 euro da guztira. Kopuru hori bideratu da obra eten, proiektua berriro abian jarri eta bitarte horretan eraikinean hartu behar izan diren segurtasun neurriak finantzatzeko.

2020ko apirilean Arrasateko Udalak Juan Azarmendi Musika Etxearen obra kontratua eten zuen Lurgoien SAU enpresarekin, izan ere, enpresak, arazo ekonomikoak tarteko, ezin zuen proiektua aurrera eraman. Berehala, udalak obra berriro abian jartzeko lanei ekin zion, eta gauzatu barik geratu zen obraren idazlana atera zuen lizitaziora lehiaketa publikoaren bidez. 3 enpresa aurkeztu dira. Behin lana adjudikatuta, enpresa adjudikaziodunak 2 hileko epea izango du amaitu barik dauden obrak zehazteko. Lan horrek 54.964,25 euroko aurrekontua du, BEZ barik, eta lortutako abalaren kontura ordainduko da. Beraz, oraingoz ez da gainkosturik izan.

Bukatzeke dagoen obra zatia dokumentu tekniko batean zehaztu ondoren, egiteke dagoen zatiaren obra lehiaketara aterako du.

Egoera horrek ekarri du obrak amaitzeko aurreikusitako epeak atzeratzea, eta espero da obrak berriro hastea 2021eko bigarren seihilekoan, baina udalak konpromiso irmoa berretsi du obra amaitzeko. “Udal gobernuak argi du kulturaren eta sormenaren aldeko apustua ezinbestekoa dela. Gure ildo estrategiko nagusienetako bat da: kulturak eta sorkuntzak ematen dio bizia eta nortasun propio eta bereizia Arrasateri. Kultura jarduera berriei egin nahi diegu lekua, gureak indartu eta sorkuntza lana dinamizatu. Horretarako, faktoria garrantzitsua izango da Juan Arzamendi Musika Etxea, ezbairik gabe”.