Kanpoko igerilekuak bihar, ekainaren 18an, irekiko dira arratsaldez
2025/06/17
Arrasateko Udalak jakinarazi duenez, nahiz eta udako denboraldiari ofizialki ekainaren 20an hasiera emango zaion, kanpoko igerilekuak bi egun lehenago irekiko dira: ekainaren 18 eta 19an, arratsaldez bakarrik, 15:30etik 20:30era. Neurri honek ez du eraginik izango igeriketa ikastaroetan.
Prestaketa lanak amaitu berri diren honetan, eta beroaldia datorrenez, hartu du erabakia Udalak igerilekuak zabaltzeko. Udako denboraldian antolaketa hobea bermatzeko, honakoak azpimarratzen dira:
- Udako abonua Musakola kiroldegiko harreran tramitatzen da aurrez aurre.
- Igerilekuaren ordutegia 10:00etatik 20:30era izango da udako denboraldian, ostiraletik aurrera.
Udako abonuak eskuragarri
Bihartik aurrera udako abonua duten pertsona guztiek sartu ahal izango dira kanpoko igerilekuetara. Horretarako, hainbat jarraibide helarazi ditu kiroldegiak:
- Ezingo da tornuetatik sartu alta osatu arte; eta telefono bidezko izen-emateak ez dira onartzen.
- Identifikazioa derrigorrezkoa da: txartela, hatz-marka edo mugikorreko QR kodearen bidez, sartzeko eta irtetzeko sistema berdina erabili beharko da.
- Ekainaren 19a arte, abonua egiten dutenen artean 3 udako abonu zozketatuko dira.
- Informazio gehiago, Musakolako kirodlegiko harreran.
Tornu berriak sartu-irtenak errazteko
Tornuak berritu dira eta aurrerantzean bidirekzionalak izango dira. Bietatik sartu ala atera ahal izateko. Modu honetan, pertsonen trafikoa erraztu nahi da.
Gainera, QR kode bitartez sartzeko aukera ere eskainiko dute tornu berriek. Informazio gehiago eta QR kodearen eskuragarritasuna zure erabiltzaile eremuan: https://kirolaonline.arrasate.eus/zonaabo.php
Herritarrek uda seguru eta atsegin batez goza dezaten lanean dihardugu.