Kirol Azpiegituren Mapa definitzeko Eztabaidarako Taldea batuko da gaur estreinakoz, irailak 14

2021/09/14
Card image cap
Eztabaida Taldean ausaz aukeratutako 11 herritar egongo dira, ausaz aukeratutako 8 kirol instalazioen erabiltzaile eta kirol kluben ordezkariak. Guztira 30 bat pertsona batuko dira.

Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektuari jarraiki, Arrasateko Udalak, Kirol Azpiegituren azterketaren bigarren fasea du abian: Musakolako kiroldegiaz gain, Udalak herritarrekin batera landu nahi du udalerriko azpiegituren mapa, hala nola Iturripeko kiroldegia edo Uarkapeko frontoia: Arrasateko Kirol Azpiegituren Mapa.

Parte-hartze prozesua ekainaren hasieran hasi zen. Eztabaidarako lantaldeak, gaur, irailaren 14an, ekingo dio bere ibilbideari, eta, hiru lan-saioren bidez, egungo kirol azpiegituren diagnostikoa egingo du eta esku hartzeko beharrak antzemango ditu. Hiru bilera ezberdin planteatu dira, irailaren 21 eta urriaren 5ekoa kontuan hartuz, Arrasateko azpiegiturek esku hartzeko dituzten premiei eta etorkizuneko obrak egiteko ordenari buruz hitz egiteko.

Eztabaida Taldean ausaz aukeratutako 11 herritar egongo dira, ausaz aukeratutako 8 kirol instalazioen erabiltzaile eta kirol kluben ordezkariak. Guztira 30 bat pertsona bilduko dira. 

Paraleloki, urriaren amaieran eta azaroaren hasieran, karpa bat jarriko dute kalean 5 egunez, herritarrek beren iritziak utzi eta ekarpenak egin ditzaten.

Ander Garay Arrasateko Udaleko Kirol zinegotziak adierazi duenez, "Gure herriak duen egiturazko beharrari ausardiaz heldu behar zaio: kirol azpiegiturak. Arrasateko kirolaren etorkizuna herritarrekin definitzen ari gara. 10 urteko inbertsio plana dugu buruan, ondoren parte-hartze prozesuan zehazten den proiektura egokituko dena ".

Prozesua 5 fasetan

  1. Lehen fasea: prozesuaren diseinua eta egitura sortzea. 5 lantalde egongo dira: kirol-batzordearen taldea, langileen ordezkarien taldea, kluben taldea, erabiltzaileen taldea, herritarren taldea.
  2. Bigarren fasea: diagnostiko bat sortzeko deliberazioa. Esku hartzeko beharra duten kirol-azpiegituren mapa eta diagnostikoa sortzea; lehentasunezko esku-hartzeen ezaugarriak; aukera ekonomikoen eta mugen gogoeta; esku-hartzeen ordena.
  3. Hirugarren fasea: herritarrekin eta Haurren Kontseiluarekin kontrastatzea. 5 eguneko saio irekiak.
  4. Laugarren fasea: adostasuna eta itxiera. Herritarren ekarpenak eta balorazioak jasotzea eta aukera berriak aztertzea.
  5. Bosgarren fasea: emaitzak dokumentatzea eta kirol-instalazioak birmoldatzeko proiektua abian jartzea.