Kirola Kalera eguna

2016/06/08
Ekainak 11, larunbatean (11:00tik 14:00ra) herriko erdigunean ospatuko da

Martxoan “Arrasasoi: hamabi hilabete, hamaika gai” izenez ekimen berri bati ekin genion Arrasateko Udal Kirol Zerbitzutik. Arrasate eta Sasoi hitz jokoa eginez, ekimena identifikatzeko “Arrasasoi” izena ezarri diogu eta hilabete bakoitzean zenbaki edo izen berezi bat izango du. Hilean behin kiroldegiko abonatu guztiei jarduera fisikoarekin edo kirolarekin zer ikusia duen ekintza bereziren bat eskaintzea du helburu. Honek baina ez du esan nahi kiroldegira mugatuko denik “Arrasasoi”, izan ere, parte hartzeko aukera herritarrei oro har ere zabaldu nahi zaie zenbaitetan. Horietako adibide bat da oraingoan proposatzen dugun ekintza berezi hau: Kirola Kalera Eguna.

Kirola Kalera Egunak, Arrasateko Kirol Talde guztiek urtean zehar egiten duten lanaren erakusgarri izan nahi du. Horretarako, kirola kantxa, zelai edo ohiko esparruetatik atera nahi da eta herri erdira ekarri. Hau da, egun berean eta ordu beretan kirol modalitate ezberdinak herritarrei erakusteko aukera eman nahi da. Horretarako zenbait gune bideratuko dira herri erdian.

Hau guztia antolatzeko noski, kirol kluben laguntza eduki dugu, izan ere, beraiek dira urtean zehar egundoko lana egiten dutenak kirol desberdinak erakusten eta herritarrei beraietan parte hartzeko aukera ematen. Uste dugu, ekintza edo egitasmo honek ez lukeela inolako zentzurik edukiko beraien parte-hartzerik gabe. Horregatik goraipatzekoa da kirol klubek gurekin ekintza honetan kolaboratzeko eduki duten jarrera ona eta nola ez, azken 30 urteetan urtez urte, hilabetez hilabete eta egunez egun herrian eta herriarendako egin duten lan itzela.

 

Kirola Kalera eguneko helburuak eta guneak

Egun honek dituen helburu nagusiak hauek dira:

  • Arrasaten egiten den kirol kopurua herritarrei erakutsi
  • Kirol taldeen dinamika eta egiten duten lan eskerga plazaratu.
  • Biztanleei kirol desberdinak probatzeko aukera eman.
  • Kirola kaleratu.

Kirol taldeek guneka egingo dituzten ekintzak

Gure asmoa da kirol modalitate guztiak bata bestearengandik ahalik eta hurbilenen egotea, herritarrei guztiak ikusteko aukera errazteko. Horregatik eremua 4 espazio horietara eta hauetan atera ditugun gune desberdinetara mugatu dugu.

  • Jose Letona plaza (1 gunea)

Spinning egiteko aukera egongo da E-Goitek enpresako monitoreen laguntzarekin eta giro alaian 11:30tatik 13:00tara.

  • Iturriotz eta Erdiko kaleetatik barrena zirkuitua (2gunea)

Atletiko Arrasate: Santamasetako krosean egiten den ibilbidean oinarrituta, lasterketa batzuk egingo dituzte Erdiko Kaletik igo eta Iturriotzetik jaitsiz. 12:30tatik 13:00tara.

  • Elizako pareta, Iturriotz kaletik (3 gunea)

Pilota elkartea: Pilotari gazteenekin erakustaldi txiki bat egingo dute, “kaleka” jokatuz eta parte hartu nahi duen jendea gonbidatuz. Horretaz gainera, eskuak babesteko “takoak” nola jartzen diren eta nolakoak diren ere erakusten ibiliko dira. 12:00tatik 13:00tara.

  • Herriko plaza (4 gunea)

Herensugea Errugbi:  Jokoak eta errugbi ariketa ezberdinak burutuko dituzte, jendeari parte hartzera gonbidatuz. 12:00etatik 13:00etara.

Altuera jauzi erakustaldia: Arrasate atletikoren eskutik eta jendeari probatzeko aukera emanez. 13:00tatik 14:00tara jauzi erakustaldia.

Besaide: Udaletxeko arkupetan, argazki eta mendi material erakusketa bat egingo du goiz osoan zehar.

  • Seber Altube plaza (5 gunea)

Mondra Futbol Taldea: Penalty jaurtiketen lehiaketa eta 2x2 edo 3x3ko partida txikiak, jendeari parte hartzeko gonbidapena eginez. 11:00-12:00tara

Arrasate Eskubaloi: Ginkana bat prestatuko dute eta baita 4x4ko partidak ere eskubaloian aritzeko, eguerdiko 12:00tatik 13:00tara.

Mondrate Areto Futbola: 3x3 ko partidak jokatuko dituzte, porteria handiak eta txikiak erabilita. 13:00-14:00tara

  • Portaloia (6 gunea)

Xake San Andres: Klubeko gazteenkin erakustaldiak egingo dituzte eta jendeari parte hartzeko aukera emango diote goizeko 11:30tatik aurrera.

  • BAZeko erakusleihoa (7 gunea)

Mondraitz bezalako taldeek herri gunetik kanpoko ekintzak burutzen dituzte normalean eta horregatik material, bideo eta argazki erakusketa batzuekin parte hartuko dute. Formatu berdinean egingo dute lan gurekin Arrasate Dragoi Gimnasiako kideek, izan ere, egun berdinean urteko erakusketa daukate Uarkapen eta bi ekintzetara ezin  dira iritsi.

  • Biteri (8, 9eta 11 guneak)

Ointxe: Kanasta bat egongo da eta bertan 3x3ko partidak jokatuko dituzte. Jaurtiketa lehiaketak ere egingo dituzte, herriko jende desberdinak parte hartu dezan. 12:30tatik 13:30tara.

Cricket: Pakistanen eta Indian horren ezaguna den jokoaren erakustaldi txiki bat, espazio murriztuan partida bat jokatuz eta jendeari parte hartzeko aukera emanda. 11:00tatik 12:00tara.

Aikido, Judo, Karate eta Kenpo taldeen erakustaldiak:

  1. 10:30tatik 11:45ra Judo Desorekak 8-12 urteko haurrekin erakustaldia egingo dute.
  2. 11:45tik 14ra, Aikido, Kenpo eta Judo Arrasateren eskutik Defentsa Pertsonalaren erakustaldia.
  • Olatxo (10 gunea)

Dordoka: Boccia erakustaldi bat egingo dute 12:00tatik aurrera. Baita gurpildun aulkiekin ibiltzen zirkuitu antzeko batean erakustaldi bat.

  • Garibai etorbideko zati bat (12 gunea)

Dorleta txirrindulari elkartea:

  1. 11:30tatik 13:00tara Gymkana bat egingo da parte hartzeko aukera librearekin
  2. 13:00tatik 14:00tara Enduro BTTkoek erakustaldia egingo dute beraiekin batera parte hartzeko aukera zabalik egongo delarik. Trialsin erakustaldi bat ere egongo da.  

Gainontzeko taldeak:

Kolaboratu nahi eta ezinean aurkitu diren hainbat talde ditugu gure artean. Adibidez, Amillenak lehiaketa eguna dauka eta ezin izango da gure artean egon. Hala ere, lehiaketa hori eguraldi baldintzengatik suspendituko balitz, Biteri Plazan, 2. gunean, parapente batzuekin erakustaldi bat egiteko prest agertu dira.