Uztailaren 20an hitzaldi bat egingo da komertzio txikiei Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba aurkezteko

2022/07/15
Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak energia berriztagarria, iraunkorra eta bertan sortutakoa eskainiko du. Zerbitzua emango die Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako herritarrei eta komertzioei; guztira, 600 bat familiari edo komertzio txikiri.

Proiektua gauzatzeko, Arrasateko Udalarenak diren lurretan plaka fotovoltaikoen eguzki parke bat jarriko dute; zehazki, Garaia Berrikuntza Guneko lurretan, LKS parean. Helburua da kooperatibako kide diren pertsonak instalazio fotovoltaiko horien jabe izatea, eta horietan kontsumo elektriko osoaren baliokidea den energia bolumena sortzea. Norbanakoak etxebizitza partikularretarako zein komertzio txikietarako egin ahalko dira bazkide.

Maiatzean, herritarrentzako aurkezpenak egin ziren, eta azpimarratzekoa da dagoeneko ia 400 familiek eman dutela izena. Ekiolaren partetik baieztapen mezuak jasotzen hasiak dira.

Orain, Leintz bailarako komertzio txikiei bideratutako hitzaldia egingo da Arrasaten. Bertan, kooperatibaren xehetasun guztiak azalduko dira eta aukera egongo da komertzio txikietako jabeek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Uztailaren 20an, eguaztena, 13:30ean izango da, Kulturateko areto nagusian. Hitzaldia ele bitan egingo da.

Aurkezpenean parte hartuko dute Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Ekiolako zuzendari tekniko Hodei Arzakek eta Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradun Aritz Otxandianok.

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba Ekiolaren baitan kokatzen da. Hain zuzen ere, Ekiola da, berez, proiektu bat, Eusko Jaurlaritzaren EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldearen parte den Krean-ek sustatutakoa. Leintz Bailarakoan, Fagorrek eta Arrasateko Udalak bazkide kolaboratzaile figura hartu dute, kooperatibari babesa emateko. Halaber, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako udalek, Debagoiena 2030ek eta Goienak bat egiten dute proiektuarekin.