Konposta egiteko gunea egokituko da Garagartza auzoko ortuetan

2022/03/21
Lanak Protec enpresak egingo ditu, 8.659,97 euroko inbertsioarekin.

Garagartzako Ortu Ekologikoen batzordeak eskatuta, eta Arrasateko Udaleko zerbitzu teknikoek proposatuta, udalak konpost gune bat egokituko du Garagartza auzoko ortuetarako.

Konpost guneak 45 metro koadroko azalera izango du, 2 metroko altuerarekin. Egitura jarri baino lehenago lurzorua berdinduko da. 2 ate izango ditu, sarrailekin. Aurreikusita dago 40 metro kubiko konpost sartzea. Horrela, ortuetako erabiltzaileek konposta urte osoan eduki ahal izango dute erabilgarri, behar dutenean erabiltzeko.

Udalaren helburua da herritarrak inplikatzea hondakinen kudeaketa jasangarriago batean, ekonomia zirkularraren alde, eta materia organikoa herritar guztiek aprobetxatu ditzaketen baliabide bihurtuz, jatorrian bereizketa sustatuko duena.

Ekimenak aukera berriak irekitzen ditu hondakinen tratamenduan, lehengaiak direnak berrerabiltzeko; kasu horretan, emaitza baliabide moduan erabiliko da inguruko nekazaritza sektorean.

Egin beharreko lanak datozen asteetan egingo ditu Protec enpresak, 8.659,97 euroko inbertsioarekin.

84 ortu daude Garagartzan

Garagartzako ortuak 2009an ireki ziren. Ortuen erabiltzaileen elkarte bat sortu zen eta elkarteak berak kudeatzen ditu instalazioak, Garagartzako Ortu Ekologikoen batzordeak. Udalaren eta Garargartzako ortuetako erabiltzaileen artean lankidetza hitzarmena sinatu zen.

Gaur egun 84 ortu daude Garagartzan. 83 dira erabiltzaileentzat eta 1 udalaren jardunerako. Aurten, esaterako, Ingurumen Eskola erabiltzen ari da Eskolako Agenda 21 programaren esparruan.

Argazkia: Goiena