Kulturatek Gordeten dala Mon-Dragoe-n / Desatando a Mon-Dragón arte erakusketa kolektiboa zabalduko du azaroaren 27an
2025/11/25
Maite Mugerzak egin ditu komisariotza eta bitartekaritza lanak, eta honakoen parte-hartzea izango du: batetik, Iraia Perez eta Oier Diaz artistek eta Cata Rubio & Izar Okariz bikote artistikoak euren lanak aurkeztuko dituzte aretoan, eta bestetik, bi performance ere izango dira irekiera ekitaldian; Cata Rubio & Izar Okarizena bata, eta Iraia Perezek eta Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak elkarlanean burutua bestea.
Izenburuan (bai euskaraz, bai gaztelaniaz) ikus daitekeenez, Mondragón izenak bere baitan daraman eta herriko armarrian ageri den dragoiari egiten zaio erreferentzia, fantasiazko imajinarioak eta eskala aldaketak gidalerrotzat harturik, haien inguruan erakusketa eratzeko. Hain zuzen ere, hori baita dragoia: fantasiazko izakia batetik, eta ohiko eskalaz kanpokoa ere bai bestetik. Erakusketako artisten artean, tamaina oso-oso txikiekin eta elementu minimoekin lan egin ohi duten artistak dira batzuk, eta kontrakorako joera dute beste batzuek: euren burua oso agerian uztekoa, zabaltzekoa eta handira jotzekoa. Bi mutur horien artean, tartean sartzen da fantasiak berekin izan ohi duen izaera groteskoa; ezegokia eta txundigarria aldi berean, beldurgarria eta erakargarria, eta parodiazkoa ere bai batzuetan. Groteskoak eta ohiko eskalaz kanpokoak izaten dira erraldoi eta kilikiak ere, eta horregatik egin zaio parte hartzeko gonbidapena Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsari, aurten 40 betetzen dituenean.
Erakusketa azaroaren 27tik abenduaren 20ra egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera, 17:30-20:30 ordutegian. Igandeetan itxita egongo da.
Inaugurazio ekitaldia ostegun honetan
Ostegun honetan irekiko da publikora erakusketa, eta inaugurazio ekitaldi berea antolatu dute horretarako. Erakusketa aurkeztearekin batera, Cata Rubio & Izar Okarizen performancea izango da, eta Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak ere parte hartuko du Kulturaten, Iraia Perezekin egingo duten performancean.
Honako egitarau hau izango da:
19:00 Erakusketaren aurkezpena
19:20 Cata Rubio & Izar Okarizen performancea
19:45 Iraia Perez eta Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren performancea
HARRIAK programaren baitan
HARRIAK programaren barruan dago erakusketa hau; zeina eremuak-en ekimena den (Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak hauspotutako programa independentea). 2016tik dago martxan, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat kultur etxe edo udalekin lankidetzan. 2016an bertan parte hartu zuen lehen aldiz Arrasateko Kulturatek, eta 2 urteko etenaren ostean, urtero parte hartu izan du 2019tik hona. Arte sorkuntza garaikidearen inguruko sentiberatasuna bultzatzea du helburu HARRIAKek; gizartearen eta arte garaikidearen arteko loturak sustatuz, eta baita hasten ari diren edo hainbesteko ikusgarritasunik ez duten artistei euren lana plazaratzen laguntzea ere. Bide horretan aurrera egiteko, eta kultur etxeei autonomia handiagoa emateko helburuarekin, programaren bigarren zatia jarri zen martxan Arrasateko Kulturaten 2024tik aurrera: Harriak BIRA.
Informazio gehiago: https://eremuak.eus/harriak/
Artista parte-hartzaileak:
Cata Rubio
Arte Ederretan graduatua. Zuzeneko lanak egiten ditu, lekuaren beraren ezaugarriak erabiliz: hondartza, pasealeku bat, unibertsitatea... Zurezko taulak, pintura, argazkia eta bideoa baliatuta garatzen dituen lanak dira, dimentsio handiengatik nabarmentzen direnak. Kikeku (haurreskola) taldeko kidea da.
Iraia Perez
Arte Ederretan graduatua. Zuzenekoa eta espazio publikoa soinutik lantzen ditu, bere aho, ahots eta mikrofonoarekin sortzen dituen soinuak material gisa erabilita. Soinuak aldarazi eta erreproduzitzen ditu, soinu-begizta bat sortzeko. Egun, Kikeku (haurreskola) taldeko eta Neskachas taldeko kidea da.
Oier Diaz
Arte Ederretan lizentziatua. Eusko Jaurlaritzaren sorkuntzarako laguntzak jaso izan ditu. Kalostra proiektuan parte hartu zuen, Donostian. Eskultura, bideoa, irudia eta performancea lantzen ditu, eta egunerokoan interesatzen zaigun horri erreparatzen diogun bezala heltzen die irudiari eta hondoari.
Izar Okariz
Arte Ederretan graduatua. Zuzeneko lanak egiten ditu eta idazketa ere jorratzen du. Performer gisa lan egin du beste artista batzuentzat, besteak beste, Time is Falling Asleep in the Afternoon Sunshine lanean. Material xumeekin lan egiten du: eskaiola, artilea, buztina. Karatea ere praktikatzen du. Kikeku (haurreskola) taldeko kidea da.