Kulturola egitasmoa garatzeko 1.100.000 euroko diru-laguntza lortu du Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik

2020/02/03
Eraikina birgaitzeko lanen exekuzioa abian da jada. Aurrekontua 6.150.000 eurotakoa da eta zaharberritze lanak egiteko epea 16 hilabetetakoa

Arrasateko Udalak 1.100.000 euroko diru-ekarpena lortu du Kulturola egitasmoa garatzeko Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Zehazki, 900.000 eurorekin lagunduko du ekimena Foru Aldundiak 2 urtetan banatuta, 550.000 euro 2020 eta 350.000 euro 2021, eta 200.000 eurorekin Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru urtetan zehar.

Maria Ubarretxena alkateak, Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziarekin batera eskaini duen prentsa agerraldian adierazi du “berri oso ona dela erakunde ezberdinetatik Kulturola bezalako ekimen berritzaile bezain aberatsa jasotzen ari den babesa. Kulturola Arrasateko zein eskualdeko Kulturaren sormen eremu eta bilgune izango da. Proiektu estrategikoa da, eta herriko zein eskualdeko mugimendu kulturalaren traktore izango da. Kulturaren bueltan dabiltzan sortzaileen bateragune. Gure artea, musika, diseinua… sorkuntza lan oro bultzatzeko faktoria”. Berretsi du helburu nagusia herri zein bailara mailan “garrantzia handikoa izango den kultur eremua sortzea” dela: “bereziki, herritarrei eta kultur taldeei alor honetan aukera berriak eskaintzeko”.

“Pasa den legealditik gabiltza lanean egitasmo handi honetan herriko eragileekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean” nabarmendu du Ubarretxenak. Hain zuzen, Udalak, egitasmoa aurrera eramateko iturri ugaritara jo du, eta aipatutako 1.100.000 eurotako diru ekarpenaz gain, aurretiaz ere Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen Kulturolak 2018an: zehazki, ‘Euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko’ eskaintzen dituen diru-laguntza deialditik, Kulturola eraikina berriz erabiltzeko proiektua idazteko eta dagozkion obren zuzendaritza lanak egin eta proiektua exekutatzeko 186.440€ko diru laguntza jaso zuen.

“Udal gobernuak kulturarekiko apustu irmoa egin du beti eta proiektu hau, legealdiko proiekturik garrantzitsuenetarikoa izanik, bai Eusko Jaurlaritzatik zein Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako laguntza berri oso ona da Arrasaterentzat, bultzada garrantzitsua emango baitio ekimenari”,  azaldu du. “Ezbairik gabe, Kulturola herritarrekin eta Arrasateko eragile kulturalekin elkarlanean nahi dugu landu” azpimarratu du.

Eraberritze lanak, abian jada

Kulturola eraikina birgaitzeko lanen exekuzioa abian da jada. Aurrekontua 6.150.000 eurotakoa da eta zaharberritze lanak Construcciones Moyua, S.L. enpresak burutuko ditu, obra esleipen-lehiaketan puntuaketa altuena zuen proposamena izan ostean. Obra egiteko epea 16 hilabetetakoa da.

Une honetan eraikinaren barruko eraispen lanak aurreratuta daude eta baita estalkikoak ere.