Kurtzetxikiko parkearen diseinua bozkatu ahal izango dute arrasatearrek

2018/09/18
Interesdunek Bedoñabeko eskolan ikusi ahal izango dituzte proposamen ezberdinak eta bertan edo webgune bitartez bozkatu ahal izango dute gustukoena irailaren 17tik 30era bitartean

Arrasateko Udalak aurrera pausoak ematen jarraitzen du herriko haur parkeak hobetu eta biziberritzeko apustuan.

Oraingoan San Andreseko Kurtze Txiki jolas parkea eraberritzeko arrasatearrei zuzenduriko parte hartze prozesua abiarazi du, espazio hori herritarren eta bereziki haurren behar eta nahietara egokitzeko, hain zuzen.

Horretarako, aurrez, enpresa adituei zuzenduriko ideia lehiaketa burutu du. Lehiaketarako bi izan dira Udalak azpimarratu dituen irizpideak: dibertsitate funtzionala duten haurrentzat jolas egokituak izatea batetik eta Kurtzetxiki azpian dauden aparkaleku pribatuen egitura ez kaltetzeko, lurrean zulorik ez egitea, bestetik.

Guztira 8 diseinu proposamen ezberdin jaso ditu eta proposamen horiek guztiak dagoeneko ikusgai daude Bedoñabeko eskolan. Orain, irailaren 17tik 30era bitartean, arrasatearrek eskolan bertan edo udal webgune bitartez bozkatu ahal izango dute gustukoen duten aukera.

Behin epea amaituta, urriaren lehenengo astean, boto gehien jaso dituen diseinua izendatuko da irabazte eta hori bera izango da aurrera eramango den proposamena. Horrez gain, enpresa irabazleak 500€ko ordainsaria ere jasoko du.

Obren kontratazioa urria amaitu baino lehen egitea aurreikusi du Udalak eta guztira 68.000€ bideratuko ditu aipatu parkearen eraberritze lanetara.

Herriko parkeen eraberritze eta egokitzapen lanei lotuta, aipagarriak dira Udalak azken hiru urteotan egindako lanak: Gorostizako parkearen estaltzea eta Munar, Zaldibar, Biteri edota  Nao Santiagokoa berritzea, esate baterako. Horrez gain, urtea amaitu aurretik, Kurtze Txiki parkearen berritzearekin batera, Itxaropena parkea estaltzea ere aurreikusi du.

Helburua da haurrei aisialdia eta jolas gune eta aukera berriak eskaintzea, herriko parkeak egungo behar eta garaietara egokitzeko.