Laboral Kutxa Emakumeen esku pilota txapelketa Nagusiako 4. jardunaldia jokatuko da domeka honetan, urtarrilak 18, Uarkapen
2026/01/12
Laboral Kutxa Emakumeen esku pilota txapelketa Nagusiaren kanporaketa partida Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko da domeka honetan, hilak 18. Txapelketako 4. jardunaldia izango da honako hau, eta bi partida jokatuko dira goi mailako emakumezko jokalariekin.
Eliteko norgehiagokak
Partiduaren hitzordua urtarrilaren 18an izango da, goizeko 11:30ean. Ordu horretan, eta jaialdiari hasiera emateko, elite mailakoak diren Aldai-Arrillaga eta Etxegarai-Capellan pilotariek partida jokatuko dute. Bigarren partidu bat ere izango da, hau ere elite mailakoa, Arrizabalaga-Bergara eta Ibarrola-Erasun pilotarien artekoa.
Frontoira sartzeko ez da txartela aurrez erosi beharko, sarrera librea izango da edukiera bete arte. “Herritar guztiak animatu nahi ditugu emakumezkoen pilota babestera eta hilaren 18an partidua ikustera bertaratzera” adierazi dute.
Kirolean ere berdintasun beharra
Partidua bigarrenez Arrasaten egitearen garrantzia azpimarratu dute Udaletik. “Emakumeen kirola sustatzea erakunde guztien ardura eta betebeharra da, horregatik, ekitaldiaren antolaketan udaleko kirol arduradunak egoteaz gain, berdintasun ordezkariak ere elkarlanean aritu dira. Herritarron parte hartzea garrantzitsua izango da emakumezkoen pilota balorean jartzeko. Horregatik, arrasatear guztiak animatu nahi ditugu datorren urtarrilaren 18an Uarkapera gerturatzera” azaldu dute Kiroletako eta Berdintasun eta LGTBI+ sailetako ordezkariek.