Landa auzoetako bizilagunentzat taxi zerbitzua eta Lurraldebus zerbitzu berezia Santamasetan
2025/12/17
Santamasetan garraio publikoen errefortzu berezia egongo da Arrasaten, abenduaren 21 eta 22 gauetan. Helburua da herritarren joan-etorri seguruak bermatzea, kotxea hartzea ekidiz, eta herritarren mugikortasun iraunkorrak bermatzea.
Landa auzoetarako Udalaren taxi zerbitzua
Arrasateko Udalak Santamasetarako taxi zerbitzua jarriko du landa auzoan bizi diren bizilagunentzako. “Bigarren urtea izango da martxan jarri genuela landa auzoetarako taxi zerbitzu berezia, eta, azken jaietan izandako arrakasta ikusita, zerbitzua errepikatzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu” adierazi dute.
Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, betiere landa auzoarekin konektatzeko bada. Zerbitzua soilik emango da Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar edo herriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko. Atez ateko zerbitzua eskainiko da bidaiarien segurtasuna bermatzeko.
Euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak. “Modu honetan, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua” azaldu dute Udaletik.
Abenduaren 21 eta 22 gauetan eskainiko da taxi zerbitzua, 22:00etatik 08:00etara. Horretarako, aurrekoetan egin bezala, 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da (21:30etik aurrera martxan egongo da), eta taxistekin hitzordua adostu.
Lurraldebus zerbitzu berezia gabean
Ohikoa den bezala, Santamas jaien harira, Lurraldebus zerbitzu berezia izango da gabean, eskualdeko herrien artean. Abenduaren 21etik (igandea) 22ra (astelehena) bitarteko gauean eta abenduaren 22tik 23ra bitarteko gauean DG40G eta DG41G lineetako gaueko zerbitzuak eskainiko dira, larunbat gauetan egiten den bezala.