Lau auzotan hobekuntza nabarmenak ekarriko dituzten lanak egingo dira

2015/02/03
Card image cap
San Josepen, Udala Behekoan, Mietzerrekan eta Makatzenan proiektu bana dira martxan, helburu berarekin: auzoaren egoera hobetzea. Lan horien nondik norakoak azaldu ditugu gaur

2015ean lau auzotan hobekuntza nabarmenak ekarriko dituzten lanak burutuko ditu Arrasateko Udalak eta horien erradiografia orokor bat eskaini du gaur alkateak, hirigintzako eta zerbitzu eta obretako zinegotziez batera.

Alkateak iragarri duenez, otsailaren 4an hasiko dira San Josepe berrurbanizatzeko lanekin eta “hile honen bukaeran espero dugu Udala behekoa berrurbanizatzeko obren 2. eta 3. faseekin hastea”. Makatzenako birgaitze lanetan aurten zuzenean esku hartuko du Udalak, auzoaren atzealdeko bidea konponduz, eta igogailuaren bideragarritasun gestioekin jarraituz. Bestalde, Mietzerrekan ere proiektu garrantzitsu bat abiatu dutela jakinarazi du alkateak.


Auzoen egoera hobetzea helburu


Lau proiektuek helburu bera dute: auzoen egoera hobetzea. Makatzena salbu, beste hiru proiektuak fase eta aurrekontu ezberdinetan banatutakoak dira, proiektu garrantzitsuak direlako bai hartzen duten dimentsioagatik, bai duten kostu ekonomikoagatik ere.  Alkateak azpimarratu du ezin direla obra hauek kolpe batez egin, “baina ikusten ari gara faseak ondo planifikatuta auzoetan hobekuntza nabarmenak egiteko gaitasuna dugula, eta horren emaitzak ari gara apurka ikusten”.


Lau proiektuen erradiografia

 

Zentzu horretan, gaurko prentsaurrekoan azalpen orokorra eman dute Udaletik orain egiten ari garena eta epe laburrera egingo ditugun lanei buruz.


  1. UDALA BEHEKOA BERRURBANIZATZEA
2012an burutu genuen Udala Behekoa auzoa berrurbanizatzeko lehen fasea, auzoko baserrien atzealdean bide bat egin zen, auzotarren beharrei erantzunez. Aurten egingo dira proiektuaren 2. eta 3. Faseak; aurreikusten dugu otsaila bukaeran hastea lanokin eta hiru hilabete eta erdian amaitzea.

Labur esateko, 2015ean zenbait azpiegitura sare hobetuko dira, argiteria publikoa ezarriko da, baserrietara joateko bidea zabaldu eta asfaltatuko da eta plaza berri bat egingo da Udala behekoan.

Udala behekoa berrurbanizatzeko proiektuaren inbertsioa bi aurrekontutan banatu da: 1 fasea 2012ko aurrekontuen kontura eta 2. eta 3.faseak 2015eko aurrekontuen baitan.

2. Eta 3. Faseko lanak urtarrilaren 19ko TGBn esleitu zitzaizkion “Construcciones Otegi-Gaztañagari 395.604 eurotan, BEZ barne.


  1. MIETZERREKA

Mietzerreka auzoan proiektu garrantzitsu bat darabilgu jadanik eskuartean: Hainbeste urtetan auzo honi egindako kalteak zuzentzeko, eta horren eraginez Mietzerrekak duen egoera konpentsatzeko beharra agerikoa da gure ustez.

Ingurumen eta osasun ikuspegitik begiratuta, asko dugu Mietzerrekari itzultzeko, baina bada beste faktore bat ere garrantzi handikoa, eta Udalak oso kontuan hartu duena auzo honetan egin beharreko hobekuntzak zehazterakoan. Mietzerrekaren ondare historiko-kulturala, hain zuzen.

Udala jadanik ari da zenbait ekintza bultzatzen Mietzerreka hobetzeko. Honako faktoreetan eragingo dute:

  • Mietzerrekako azpiegituran eta bertoko lurren erabilera hobetzen,
  • Natur ondarea eta ondare historiko-kulturala berreskuratzen
  • Auzoan saneamendu sistema bat osotzen.


  1. MAKATZENA

Makatzenari dagokionez, zaharberritze proiektu honen sustatzaileak, eta obrak egiteko erabakia hartu zutenak, komunitateetako jabeak izan ziren. Udala sustatzaile moduan hasieratik egon da: egindako bileretan parte hartuz, auzoa zaharberritzeko laguntza aurrera ateratzeko aldeko txostena eginez, eta aurreproiektuaren kostua ere bere gain hartuz. Aurrerantzean ere hor egongo gara ahal dugun neurrian auzoari laguntzen.

Udalak bere gain hartuko ditu auzoaren atzealdean dagoen bidea konpontzeko lanak, eta Hondarribia eta Makatzena auzoa lotuko duen igogailuaren bideragarritasunerako gestioekin jarraituko du.

Lan hauetarako 73.000euro bideratuko ditugu aurtengo aurrekontuetan, eta auzoaren atzealdea zolatzeko lanekin udazkenean hasteko asmoa dugu.


  1. SAN JOSEPE

Proiektu honen helburu nagusia da hobetzea San Josepe eta San Andres kaleetako zerbitzuak, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa,  irisgarritasuna eta, oro har, baldintza orokorrak. Horrez gain, saneamendu sarea eta sare elektrikoa hobetuko dira.

Obra bost fasetan egingo da, auzokideengan izan dezakeen afekzioa murrizteko eta Udalak obra zatika finantzatu ahal dezan. Lehen fasearen lehen azpifasea edo 1A fasea otsailaren 4an hasiko dira egiten, zati honetako lanek “Eskatu” izenez ezagutzen dugun eraikinaren atzealdea eta eraikinaren alboko eskailerak hartuko dituzte. Bi hilabete eta erdian amaitzea aurreikusten da. 1B fasea, berriz, 2015 amaieran hasiko da. “Eskatu” ondoko eskaileretatik San Josepeko aldaparen amaierarainoko dimentsioa hartuko dute.

Lehen azpifaseko  lanak  (1A fasea) zuzenean irisgarritasunarekin daude lotuta:

  • Espaloi tarte berri bat egingo da San Josepera joateko. “Eskatu” izenez ezaguna den eraikinaren atzealdean (BM, Bittori, Bastida… dauden eraikina).
  • “Eskatu” eraikinaren alboan, San Andresetik San Josepera igotzeko dauden eskailerak berrituko dira eta egungo irisgarritasun ezaugarrietara egokituz.
  • Espaloi tarte berria ez ezik, “Eskatu” eraikinaren atzealde horretan eustorma bat ere egingo da San Andres eta San Josepe kaleak bat egiten duten gunean ( gaur egun ezponda bat dago).

Lanokin bermatu gura da San Joseperako bide guztian espaloia izatea, oinezkoak modu seguruagoan ibili daitezen. Aurreikusten da lanok amaitzea maiatzerako.