Laubide plazako ur-zisterna 10:30ean jarriko da martxan, eta Udalak auzotarren elkartasunerako deia egin du, adineko pertsonei edota mugikortasun arazoak dituztenei laguntzeko.

2026/09/27
Zisterna Laubide plazan finkatuta egongo da gaur (igandea 10:30-20:00) eta bihar (astelehena 9:00-20:00), Bergaratik ekarritako ur edangarriarekin. Hornidura-sistemaren azken analitiken emaitzak astelehen ilunkaran edo gehienez astearte goizean jasotzea aurreikusten du Udalak, uraren edangarritasuna baieztatzeko. Bitartean, iturriko ura ez edateko gomendioak indarrean jarraitzen du prebentzio neurri gisa. Udalak herritarren arteko elkartasun deia zabaldu du, bereziki adineko pertsonei zein mugikortasun arazoak dituztenei ur ontziak betetzen eta etxera eramaten laguntzeko.
Laubide plazako ur-zisterna 10:30ean jarriko da martxan, eta Udalak auzotarren elkartasunerako deia egin du, adineko pertsonei edota mugikortasun arazoak dituztenei laguntzeko.

10:30ean jarriko da martxan ur edangarria duen zisterna Laubide plazan, gaur igandea 10:30-20:00 ordutegian, eta bihar astelehen 9:00-20:00. Hain epe motzean Udalak ezin izan ditu zisterna gehiago lortu, eta horregatik gune horretan finkatu da zerbitzua. Hain zuzen ere, zisterna gaur 9:00etan martxan hastea auureikusten zen, baina zerbitzua hornitzen duen enpresaren arazo bat dela eta, 10:30era atzeratu da. Aldez aurretik barkamena eskatzen dugu.

Zisterna finkoa Laubide plazan kokatuta egongo da, eta beste kamioi zisterna batek Laubidekoa betetzen jardungo du uneoro, Bergaratik ekarritako urarekin. Herritarrek beren botilak eta ontziak eraman ditzakete bertara betetzeko.

Iturriko uraren analitikak eta edangarritasuna konfirmatzeko epeak

Gipuzkoako Urak-ek Zalduspeko deposituak garbitu eta Arrasateko Udaleko sarea drainatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren irizpideak betetzeko analitikak egiten  jarraitzen dute. Udalak aurreikusten du bihar ilunkaran (astelehena), gehienez jota astearte goizean, ur kalitatearen azken analisiak helduko direla, eta hornidura sistemaren ura edangarria dela konfirmatu ahal izango dela. Konfirmazio ofizial hori jaso eta jakinarazi bitartean, iturriko ura ez edateko gomendioak indarrean jarraitzen du.

Elkartasunez jokatzeko deia eta laguntza sarea

Udala jakitun da Arrasate herri handia dela eta bizilagun askok erdigunera mugitu beharko dutela ura hartzera. Horregatik, Udalak dei egiten die herritarrei beren bizilagunei laguntza eskaini edota laguntza eskatzeko. Bereziki, portaleko bizilagun helduenei edota mugikortasun arazoak dituztenei galdetzea eskatzen da, ur botilak bete eta etxera eramaten laguntzeko. Pertsona nagusi zein mugikortasun arazoak dituen norbaitek laguntza behar badu eta inguruan norengana jo izango ez balu, Udaltzaingora deitzeko eskatzen du Udalak.