LH6ko aurrenerabeei gaztelekuko eta gaztetxokoetako ongietorri jaia egingo zaie

2024/04/17
Card image cap
Zapatu honetan, apirilak 20, ongietorria egingo zaie LH6ko gazteei gaztelekuan eta gaztetxokoetan.

Ekintzaren helburua da nerabeei gaztetxokoen zerbitzua gerturatzea. Izan ere, 12 urtetik aurrera aukera dute gaztetxokoak erabiltzen hasteko, eta “gonbidapen bat da zerbitzuak ezagutzera gerturatzeko, han zer egiten dugun zuzenean ikusi dezaten” adierazi dute antolatzaileek. “Horretarako, ongietorri jai bat antolatu izan dugu azken urteetan, eta aurtengoa apirilaren 20an izango da”.

Horretarako, eskutitz bat bidali zaie 2012an jaiotako guztiei, eta gurasoentzat ere ate irekiak antolatu ditugu.

Egun horretarako egitaraua antolatu dute gaztetxokoetako erabiltzaileek. Jaia 17:00etan hasiko da, ongietorriarekin. 18:00etan altxorraren bila jolasa egingo dute. Gero, 19:00etan, merendola egingo dute, eta, amaitzeko, 20:00etan, diskofesta antolatu dute.

Nerabeei zuzendutako zerbitzua

Gaztetxokoak dira 12-17 urte arteko nerabeei zuzendutako zerbitzu batzuk. Denbora librean dibertitzeko, atseden hartzeko, lagunekin egoteko eta beste gazte batzuk ezagutzeko lekuak dira.

Arrasaten 4 txoko daude, Erguinen, Musakolan, San Andresen eta erdigunean.

Auzoetakoak martitzenetik egubakoitzera daude zabalik, 17:00-20:00. Eta erdiguneko gaztelekua egubakoitzetan 18:00-20:00, eta zapatu eta domeketan 17:00-20:00.