Arrasatek Aniztasunaren Astea ospatuko du maiatzaren 17tik 22ra

2021/05/10
Udalak, herriko hainbat elkarterekin batera, 5 ekintzez osaturiko egitaraua antolatu du: hitzaldi bat aniztasun funtzionalaren inguruan, ‘Construyendo puentes’ erakusketa, ipuin kontaketa, bideo emanaldia eta mahai ingurua, eta Munduko Arrozak ekimena

Arrasatek Aniztasunaren Astea ospatuko du maiatzaren 17tik 22ra. Udalak, herriko hainbat elkarterekin batera, 5 ekintzez osaturiko egitaraua antolatu du: hitzaldi bat aniztasun funtzionalaren inguruan, ‘Construyendo puentes’ erakusketa, ipuin kontaketa, bideo emanaldia eta mahai ingurua, eta Munduko Arrozak ekimena.

Maiatzaren 21ean Aniztasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta horren baitan antolatzen da Arrasateko Aniztasunaren Astea. Aurten, gainera, kultura aniztasunaz gain, programazioaren bitartez aintzat hartu gura izan da aniztasun kontzeptuak duen esanahi zabala, eta ikusgarri egin gura izan dira dauden aniztasunak. Ekimena prentsa agerraldian aurkeztu dute antolatzaileek: Ekin elkartea, IMME elkartea, AMS elkartea, Arrasate eta Bergarako Garagunea, SOS arrazakeria eta Arrasateko Udala.

Maitane Muñoz Goikoetxea zinegotziak nabarmendu du “aniztasuna, inklusioa eta diskriminazioaren aurkako borroka sustatzea funtsezkoa da Arrasateko Udalarentzat. Azken urteotan, balio horiek bultzatzen laguntzen duten hainbat neurri hartu dira, eta horietako bat da askotariko eta errespetuzko gizarte batek dakarren aberastasuna ikusaraztea, esaterako, Aniztasun Aste honen bitartez. Hala ere, oraindik lan asko dago egiteko eta beharrezkoa da herritar guztien laguntza. Bizi dugun osasun krisialdian, aniztasuna eta inklusioa oso ahulak dira eta aurrera egiten jarraitu behar dugu”.

Hori da Aniztasun Astearen helburua. Hona hemen zer-nolako jarduerak antolatu diren:

  1. Maiatzaren 17an: hitzaldi bat aniztasun funtzionalaren inguruan, Goyeneche fundazioaren eta AMSren eskutik. Kulturaten 17:30ean, areto nagusian.
  2. Maiatzaren 17tik 21era: “Zubiak eraikitzen - Construyendo puentes” argazki erakusketa Kulturateko klaustroan. Maiatzaren 17an, 17:30ean, erakusketari loturiko hitzaldia. Asmoa da erakustea dibertsitate funtzionaleko pertsonak dituzten zentroek eta enpresek zer zailtasun izan dituzten pandemian eskatu diren neurriak betetzeko. Zer gertatzen da kontaktu fisikoa eta distantzia soziala terapiaren parte direnean? Edo gure irribarrea gure tresnetako bat denean gure ingurunearekin lan egiteko edo komunikatzeko orduan? "Zubiak Eraikitzen" da Gipuzkoako eta Nikaraguako hainbat zentro/enpresaren eta elkarteren arteko trukerako gunea.
  3. Maiatzak 20an (18:00etan): ipuin kontaketa Jokin Zaitegi aretoan.
  4. Maiatzaren 21ean (18:00): bideo emanaldiak eta mahai ingurua. IMME elkartearen bideoaren aurkezpena eta Ekin elkartearen bideoaren aurkezpena: “Bi lurralderen artean”. Jokin Zaitegi aretoan izango da.
  5. Maiatzaren 22an (10:00/ 14:00): Munduko arrozak Seber Altube plazan. Jaiaren helburua da Arrasaten bizi den biztanleriaren jatorriko kultura bistaratzea, hainbat herrialdetako kulturaren erakusgarri izatea eta gizartearen parte hartzea, elkarrekiko harremanak eta integrazioa normaltasunez sustatzea, espazioak partekatuz, elkarbizitza bultzatuz eta gure herrietako kultura anitzen aberastasuna aitortuz eta gozatuz.

Arroza, kultura guztiok batzen gaituen elementu bat baita, modu askotara prestatzen dena, haren nahasketak, koloreak, zaporeak, iruditu zaigu ikaragarri sinbolo aproposa dela gure herrien unibertsaltasuna, aniztasuna eta aberastasuna irudikatzeko. Beraz, batzen gaituenetik abiatuta, elkar ezagutzetik elkar aitortzera, “Munduko Arrozak” ekimenean jai bat izango dugu bizikidetza positibo bat aldarrikatzeko.

Egitasmoa bisuala izango da, eta arrozen errezetak partekatu ahalko dira. Jaia girotzeko, gure herrian bizi diren herritarren kultura desberdinen erritmoak entzun ahal izango ditugu.

Atzerritarrak Arrasaten, datuetan

EAEko atzerritarren tasa (% 6,9), Espainiakoarekin alderatuta (% 10,1), txikiagoa da. Orokorrean, Euskadiko hiru probintziak daude estatuko tasa horretatik urrun, nahiz eta Arabak ehuneko altuagoa erakusten duen (% 8,6). Arrasatekoa (% 6,8) EAEkoaren parekoa, eta Gipuzkoakoa (% 7,1) baino apur bat txikiagoa da, eta Espainiakotik urrun dago.

Arrasateko Udalak egin berri duen Bizikidetza Planean oinarrituz, 2018. urtean, Arrasaten, 1.488 pertsona dago atzerritar nazionalitatea duena, eta ohartu gara horien kopuruak bilakaera esanguratsua izan duela. Izan ere, 1998. urtean soilik 101 ziren, 2008rako 720ra igo da horien kopurua, eta 2018ra bitartean bikoiztu egin da. EAErekin eta Gipuzkoarekin alderatuta, Arrasatek hazkunde handiagoa erakutsi du, nabarmenagoa azken hamarkadan: atzerritarrak pasatu dira % 3,3 izatetik % 6,9 izatera, % 51,6ko hazkundea, eta Gipuzkoan % 30,6 eta EAEn % 22,5.

Jatorrietan arreta jarriz, erdialdeko eta hegoaldeko Amerika da jatorri nagusiena Arrasaten —nagusiki Kolonbiakoak eta Honduraskoak— atzerrian jaiotakoen % 46,6 osatzen dute. Horien atzetik datoz magrebtarrak (% 17,8) eta asiarrak (% 16,3), funtsean lehenean marokoarrez osatuta eta bigarrenean pakistandarrez.