Martxan da aurten ere BIZILAGUNAK programa

2018/10/10
Card image cap
Azaroak 11an, etorkin, errefuxiatu eta bertoko familiak bazkaltzeko elkartuko dira

Begira ingurura! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu zure hiriko kaleetan barrena...
Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz?
Edo agian, zu zeuk etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inork ezagutu eta lagunik izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehiago jakiteko.

Zer da BIZILAGUNAK?

Bertako familia eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin, bazkari batean bildu nahi dituen egitasmoa da. Azaroaren 11an, ordu biak inguru, bazkari bakoitzean, bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean.

2012tik Euskal Herrian milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak proiektuan. Aurten zuk ere bizi dezakezu esperientzia hori.

Bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik, hemen bizi bazara familia, bikote, pisukide edo lagunekin, eta zure herri edo hiriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu!

informazio gehiago hemen.