Mugikortasun jasangarriari ate berriak zabaltzeko asmoz dator aurtengo Mugikortasun Jasangarriaren Astea, irailaren 16tik 22ra

2025/09/09
Card image cap
Berritasun nagusia Plaza Bizi ekimenak antolatutako jaia izango da, hilaren 19an. Bigarren eskuko bizikleta azoka izango da egun zentrala, edonork bizikleta saldu edo erosteko azoka.

Astebete barru hasiko da Arrasateko Mugikortasun Jasangarriaren Astea, eta egitarau zabala aurkeztu du Udalak. Europa mailako ekimena bada ere, Arrasaten ere izango du bere isla.

“Mugikortasun Jasangarrirako Astea kontzientziazio aktiborako astea baliatu nahi dugu urte osoan zehar eragina izan dezan, eta, horregatik, aste honetarako egitaraua antolatzeaz gain, urtean zehar ere Arrasate mugitzeko jasangarria izateko neurriak hartzen ere joango gara, guztiak aurten onartu berri den Mugikortasun Jasangarrirako Planari lotuta daudenak. Izan ere, plan honek “hazkunde ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumenaren defentsa bateragarri egiten dituzten garraiobideak ezartzea du helburu, horrela, herritarren bizi-kalitate hobea bermatuz” azaldu du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak. Deskargatu hemen eskuorria.

Birzikleta Azoka aste honetako jarduera jendetsuena

Bost urteren ostean Birzikleta Azoka egin gabe, pasa den urtean berreskuratu zuen Arrasateko Udalak ekimen arrakastatsu hau. “Herritarrek pozik jaso zuten itzulera eta aurten ere bigarren eskuko bizikleta azoka egingo da, irailaren 20an” azaldu du Etxeberriak.

Udaleko Ingurumen Saileko teknikaria den Rafa Ugartek eman ditu azokaren inguruko xehetasunak: “Bizikleta bat erostea nahi duenak, egunean bertan Azoka plazara etorri, gustukoena aukeratu eta hau eskudirutan ordaintzea besterik ez du egin behar. Ordea, bizikleta bat saltzea nahi duenak, materiala dagokion egunean eta lekuan aurkeztu beharra dauka” azaldu du. Saltzaileek, beraz, beraien bizikletak Azoka plazan entregatu beharko dituzte zapatu honetan, irailak 13, 11:30-13:30 tartean, edota hilaren 16 edo 18an, martitzena edo eguena, 11:30-12:30 eta 17:00-19:00 ordutegian.

Adierazi du, egoera onean dagoen edozein material jasoko dutela. “Edozelako bizikletak, mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, trizikloak, kaskoak, belozimetroak, gurpilak, eskularruak, maillotak... Eskatzen da materiala garbi eta egoera onean ekartzea, eta zentzuzko prezioa ezartzea”. Halaber, jakinarazi dute, ez dela jasoko patinik edota patineterik.

PLAZABIZI ekimenaren aurkezpen jaia irailaren 19an

Irailaren 19an, jai batekin, aurkeztuko dute PLAZABIZI ekimena. Ekimen hau herritarrak erdigunean jartzen dituen herri-eredu baten aldeko apustua da, eta auzoko bizigarritasuna, osasuna eta gizarte-harremanak hobetzea du helburu nagusi.

“Prozesu hau 2026ko amaiera bitarte  garatuko da Arimazubin, eta bere xede nagusiak dira espazio publikoak berreskuratzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea eta auzoko komunitatea aktiboki inplikatzea. Horretarako, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da, eta horregatik antolatu da irailaren 19ko jaia. PLAZABIZI ez da soilik hirigintza-proiektu bat: herritarren bizimodua hobetzeko, inklusibitatea, segurtasuna eta iraunkortasuna uztartzen dituen ikuspegi komunitarioa da” azadu du Maddi Fernandez de Larrinoak, proiektuaren arduradunak.

PLAZABIZI jaia 4 Arimazubi auzo inguruetan izango da, eta 4 eremu ezberdin izango ditu:

  • A eremua, Arimazubi plazan: Txatxilipurdi taldeak haurrentzako balance bike zirkuitua eta eskulan tailerra eskainiko ditu eta ThinkFast-en esku-hartze artistikoa izango da.
  • B eremua, Arrasate pasealekuan: Proiektuaren diagnosiaren panelak aurkeztuko dira, eta informazio gune ezberdinak izango dira, besteak beste Plazabizi, Ciclogreen APPa eta jarduera fisikoaren onuren ingurukoak.
  • C eremua, Santa Barbararako bidean, eliza kanpoan: Oreka Cycling Spacek bizikleten erakusketa eta frogak antolatuko ditu
  • D eremua, Santa Barbara azpian: Haur eta familien jolasguneak izango dira, ur-bideak, buztina, mandalak eta lokatzarekin artea egiteko. Bisita gidatuak ere egingo dira Santa Barbarako ondare historiko eta naturala ezagutzeko.

PLAZABIZI ekimenaren sustatzaileak dira, besteak beste: Gizabidea Fundazioa, Arrasateko Udala, ArantzazuLab, Arizmendi Ikastola, Arrasate Herri Eskola, Arrasateko Nagusien Kontseilua, Athlon, Besaide, Ciclogreen, Debagoieneko Mankomunitatea, Emun, Fagor, Ikerlan, Maraka, Mondragon Unibertsitatea, Tipi eta Txatxilipurdi. Proiektua Kutxa Fundazioak finintzatua da.

Bizikletaren presentzia nabarmena

Egitarauak, baina, beste hainbat hitzordu izango ditu astean zehar, horietako asko bizikletari lotuak. Nerea Lazpiur programazioaren arduradunak eman du egitarauaren berri. “Bizikletak presentzia nabarmena izango du egitarauan, baina baita oinezkoen edota natur ibilbideen hitzorduek ere. Egitarau osoa elkarlanaren emaitza da, bertan parte hartu baitute Arrasateko Udalak, antolatzaile bezala, baina baita Udalako Ingurumen Eskolak, Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta PLAZABIZI ekimeneko arduradunak.

Egitarau osoa jarraian:

Deskargatu hemen eskuorria.

  • Irailaren 13an, zapatua

Nola elektrifikatu nire bizikleta? Debagoieneko Mankomunitateak eskainitako ikastaro praktikoa, doan. Euskaraz. 2 saio: 9:30-11:30 eta 12:00-14:00. Izen emateak: mugikortasuna.debagoiena.eus

  • Irailaren 16tik 22ra

Herri busa doakoa aste osoan zehar

  • Irailaren 16tik 20ra

Eskolara Oinez: Arrasate Herri Eskolara goizero oinez joateko ekimena, 2. eta 3. zikloko ikasleei zuzenduta eta Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuta.

  • Irailaren 17a, eguaztena

Bizikletak konpontzeko tailer ibiltaria: MUGI txartel pertsonalizatuarekin, bizikleta berrikusi eta doitzeko doako zerbitzua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Zozketak egongo dira MUGIrekin.

  • Irailaren 19a, egubakoitza

PlazaBizi jaia Arimazubi auzoan: Modu parte hartzaile eta sormenaren bidez espazio publikoarekiko, mugikortasunarekiko eta komunitatearekiko dugun harremana berreraikitzeko jaia.

  • Irailaren 20a, zapatua

BIRZIKLETA AZOKA: Bigarren eskuko bizikleta azoka udal azokan.

Mondragones kalean, 11:00 - 13:30.

  • Irailaren 21a, domeka

Ibilbide gidatua: PR-Gi 106 Arrasate Arantzazu. 9:00etan Herriko Plazatik abiatuta. Ez ahaztu MUGI txartela bueltarako. Izen emateak: izenemateak.arrasate.eus edo 943 25 20 00.

  • Irailaren 22ra arte. astelehena

Zozketa - Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta. Mugi txartelean 20€ kargatzeko aukera! Parte hartu: mugikortasuna.debagoiena.eus

  • Iraila eta azaroa bitartean

DBH 1. mailako ikasleentzat bizikleta modu autonomo eta seguruan ibiltzeko ikastaroa.