Munduko Arrozen Festa ekimenaren bideoa

2020/07/22
Card image cap
‘Munduko Arrozen Festa’ bideo batean irudikatu dute Arrasateko aniztasunaren isla Arrasateko Udaleko Aniztasun Saila, IMME, Ekin, SOS, AMS eta Gurutze Gorria dira antolatzaileak. “Aurten elkarrekin ospatzea ezinezkoa izan bada ere, datorren urtean elkarrekin ospatzera gonbidatzen ditugu Arrasateko herritarrak, askoz gehiago baita batzen gaituena” aldarrikatu dute, aldi berean parte-hartzaile guztiei beren lana eskertuz.

2020ko `Munduko Arrozen Festa’ ospatzea ezinezkoa izan da Covid-19ak eragindako egoera medio, baina Arrasatek duen aniztasuna bistaratzea eta aniztasun horrek herriari ematen dion aberastasunaren aldarrikapena egiteko aukera ez dute galdu nahi izan antolatzaileek: Arrasateko Udaleko Aniztasun Saila, IMME, Ekin, SOS, AMS eta Gurutze Gorria. “Mundu osoan kontsumitzen den jaki bat oinarrian hartuta, arroza, eta berau prestatzeko dauden modu anitzen bitartez, Arrasateko herriak duen aniztasun kulturala bistaratu eta kulturen arteko elkarbizitza positibo bat posible dela aldarrikatu nahi izan dugu” adierazi dute.

Jatorri desberdinetatik etorritako Arrasatearrek parte hartu dute aurtengo edizio berezi honetan; Venezuela, Rusia, Extremadura, Sahara, Nikaragua, Euskal Herria, etab. Era berezian egin da aldarrikapena: bakoitzak bere etxean, familian edo lagunen artean sukaldatu dituzte arroz-platerak eta plater horien irudiekin, bideo bat sortu dute, “herriak duen aniztasunaren erakusle gisa”.

“Ekimen honen bitartez kulturen arteko harremana bultzatu nahi dugu, ondoan dauden pertsonak eta taldeak ezagutzeak elkarbizitza aberatsagoa izatea dakarrelako, jatorri ezberdineko pertsonen arteko harremana eta bizikidetza defendatu eta bultzatu nahi dugu. Munduko Arrozen jaia, herrian bertan elkartzeko jaia da, espazioa eta bizipenak partekatzeko eta elkar hobeto ezagutzeko jaia, alegia”.

“Aurten elkarrekin ospatzea ezinezkoa izan bada ere, datorren urtean elkarrekin ospatzera gonbidatzen ditugu Arrasateko herritarrak, askoz gehiago baita batzen gaituena” aldarrikatu dute, aldi berean parte-hartzaile guztiei beren lana eskertuz.

Hemen klik eginda ikusi dezakezu bideoa.