Musakola Herri Eskolan oztopo egiten duen transformadorea kentzeko lanak hasi dira

2018/04/23
Card image cap
Guraso elkarteak egindako eskaera historikoari behin betiko erantzuna ematen dio horrela Udalak. Lanek 6 hilabete inguru iraungo dute eta 232.864,36€ko aurrekontua izango dute

Arrasateko Udalak, Herri Eskolako Guraso Elkarteak egindako eskaerari erantzuna emanez, gaur astelehena ekingo dio eskolako patioan egoera txarrean eta oztopo egiten dagoen transformadorea kentzeko lanei.

Urte asko igaro dira, 13, hain zuzen, Guraso Elkarteak transformadorea kentzeko eskaria egin zuenetik eta gaia geldirik egon da iazko martxoan, udal gobernuak eskariari lehentasuna eman eta gai konpontzeko lidergoa hartu zuen arte.

Emandako hitza beteaz, beraz, gobernu taldea Herri Eskolako Guraso Elkartearekin elkartu zen arazoa gertutik ezagutu, aztertu eta berehalako irtenbide bat emateko. Herri Eskola, Eusko Jaurlaritzari dagokion eremua izanik, Jaurlaritzari zegokion lana egitea. Halere, arazoari behin betiko irtenbidea emateko, Udalak hartu zuen gai honen lidergoa. Horrela, behin lanak bukatuta, Udalak Jaurlaritzari fakturatuko dio transformadorea aldatzearen kostua.  

Transformadorea patiotik kendu eta beste leku batera eramateko, ezinbestekoa da lehendabizi transformazio gune berri bat sortzea. Lanak, beraz, bi fasetan burutuko dira: 

  • 1)    Lehen fasean, transformazio zentro berri bat doitzeko lanak burutuko ditu Construcciones Artzamendi enpresak. Transformadore berria Nao Santiago kaleko berdegune baten azpian lurperatuko da gaur egungo segurtasun neurri guztiak beteaz. Kokapena Iberdrolak agindutakoa da, ezin bai da transformadorea edozein lekutara aldatu.
  • 2)     Bigarren fasean, Iberdrola arduratuko da, gune berri horretan transformazio zentro berria jartzeaz. Gogoratu behar dugu Transformadore horrek Zigarrola auzoko zati handi bati ematen diola energia eta hortaz, lanak tentuz egin beharrekoak dira.

 

Behin transformadorea lekuz aldatuta dagoenean, eskola patioan dagoen dorrea eraitsi egingo da. Lan horiek guztiek 6 hilabete inguru iraungo dute eta guztira 232.864,36€ko aurrekontua izango dute.

Helburu nagusia da, hainbeste urtetan zehar luzatu den eskariari behin betiko erantzuna emateaz haratago, bertako ikasleen segurtasun eta irisgarritasuna bermatzea.