Musakolako gaztetxokoaren agur ekitaldia egingo da egubakoitzean

2023/10/26
Card image cap
Aurpegi margoketa, Rebel Noise eta Hankaz Gora taldeen kontzertu akustikoak eta afari musikatua egingo dira 17:30ean hasita

Unea iritsi da Musakolako gaztetxokoa agurtzeko. Gaur egun gaztetxokoa hartzen duen eraikina eraitsi egin behar da eta, horren ondorioz, nerabeei zuzendutako aisia gunea lekuz aldatu behar da. Musakolako gaztetxokoa urteetan Arrasateko 12 eta 17 urte bitarteko nerabe askoren bilgune izan da, baina ordua iritsi da etapa horri amaiera emateko, eta nerabeen zerbitzuak agur ekitaldia antolatu du egubakoitz honetarako, urriak 27.

Agur jaia 17:30ean hasiko da, aurpegi margoketarekin. 18:00etatik aurrera Musakolako gaztetxokoarekin lotura zuzena eta berezia duten Rebel Noise eta Hankaz gora taldeen kontzertu akustikoak entzun ahalko dira, eta 19:00etan afari musikatuari emango zaio hasiera.

Ekintza guztiak auzotar guztiei zuzenduta egongo dira, ez bakarrik nerabeei. Egubakoitzeko jaia une aparta izango da urte askoan gaztetxokoaren inguruan hainbat eta hainbat gaztek bizi izan dituzten momentu berezi asko gogoratzeko. Beraz, Arrasateko Udalak gonbita egiten die auzotar guztiei ekitaldira etorri daitezen.