Udalak Musakolako igerilekuak irekiko ditu bihar, ekainak 24, 15:00etatik 19:00etara, langile boluntarioei esker
2026/06/23
Arrasateko Udalak iragarri du bihar Musakolako kanpoko igerilekuak irekiko dituela 15:00etatik 19:00etara. Arrasaten jai eguna izanik kiroldegia itxita egotea aurreikusten zen, urtero bezala, baina beroek eragindako alerta gorria medio, Udalak langileen artean boluntarioak eskatu ditu igerilekua zabaltzeko.
Herriko jai egun patronala izanda, langileen eskubidea da jai egun horretaz gozatzea. Ondorioz, Udalak ezin ditu langileak lanera etortzera behartu; horregatik, irekiera-erabakia langileekin adostuta hartu da. Boluntarioak eskatu ondoren, horietako batzuk lanera etortzeko prestutasuna agertu dute. Gainera, kiroldegiko ikastaroen arduraduna den BPX enpresak ere sorosleak jarriko ditu.
“Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu prestutasuna agertu duten udal langile guztiei, ezohiko egoera batean emandako erantzun positiboagatik. Izan ere, astelehenetik aukera hau baliatzeko lanean aritu bagara ere, herritar ugariren eskaerak ere izan ditugu, eta ordu tarte jakin batez bada ere, bero ordu gogorrenak freskatzeko aukera izango dute herritar eta familiek Musakolan” azaldu dute Udaletik.
Udalak gogorazi du soilik igerilekuak irekiko direla 15:00etatik 19:00etara, eta kiroldegiko gune lehorra itxita egongo dela, aurreikusi bezala. Ur parkeen itxiera ordutegia ere luzatu du Udalak 23:00ak arte.