Musakolako igerilekuko aldageletan egin diren hobetze eta mantentze lanak amaitzear daude

2023/08/11
Card image cap
Aldageletan hobetze lanak
Aldageletako zorua berritu da, eta, bide batez, segurtasuna eta funtzionamendu egokia bermatzeko lanak egin dira. Gaurtik aurrera erabilgarri egongo da mutilen aldagela; emakumeena, berriz, abuztuaren 19an irekitzea aurreikusten du udalak.

Musakolako igerilekuko aldageletan egin diren hobetze eta mantentze lanak amaitzear daude, eta gaurtik aurrera erabilgarri egongo da mutilen aldagela. Emakumeen aldagela, berriz, abuztuaren 19tik aurrera irekita egotea aurreikusten du udalak.

Aldageletako zorua berritu da, egoera txarrean baitzegoen, eta, lan horiek ekarriko dute kirol instalazioak hobetzea eta erabiltzaileei zerbitzu hobe bat eskaintzea. Obrak egiten uztailean hasi ziren, barruko igerilekuaren udako etenaldia aprobetxatuz, eta datozen egunetan amaituko dituzte.

Gaurtik aurrera, beraz, gizonen aldagelak erabilgarri egongo dira kanpoko igerilekuko erabiltzaileentzat. Baina emakumeen aldageletako lanak eta saunara bidean egiten ari diren konponketak astebetez atzeratuko dira.

Horren ondorioz, saunarako bidea konpontzen den bitartean, sauna itxita izango da eta ezingo da erabili mutilen aldagelako atzeko atea. Aurreikusten da zati hori abuztuaren 14an irekitzea. Emakumeen aldagelak, ostera, itxita jarraituko du abuztuaren 19ra arte, zorua erabat konponduta egon arte. Bitartean, kantxako aldagelak irekita egongo dira, orain arte bezala. 

Errugbi zelaiko berritze lanek aurrera jarraitzen dute

Mojategiko errugbi zelaia hobetzeko ere aprobetxatu du uda Arrasateko Udalak, kirol taldeen jarduna eteten den garaia. Dagoeneko lanen zati bat aurreratu bada ere, zelaiaren eraberritzeak denbora gehiago eskatuko du, eta, horren ondorioz, aurreikusten da lanak irailean amaitzea.