Musakolako kiroldegira hatz markarekin sartzeko sistema jarri dugu

2015/05/26
Card image cap
Dagoeneko 1.382 pertsonei hartu zaie hatz marka eta sistema berria oso harrera ona izaten ari da. Eguneko sarrera solteek barra kodea izango dute, kiroldegira zuzenean sartzeko

Erabiltzaileek jadanik ez dute txartela ahaztuko zaienaren beldurrik, beti aldean daramatelako identifikatzeko behar dutena: atzamarra. Horregatik da hain erosoa Musakolako kiroldegira sartzeko ezarri den sistema berria.

Jadanik 1.382 laguni hartu zaie hatz marka, bertatik bertara ikusten ari dira abantailak eta oso harrera ona izaten ari da sistema berria. Hatz marka hartzearen tramitea minutu gutxi batzuetan egiten da eta erabiltzaile guztiekin burutuko da kiroldegira datozen heinean. Oraindik tramite hori egin ez duten pertsona guztiei zerbitzu hori emateko, eta uda garaian erabiltzaile kopurua bereziki altua izaten dela jakinik, pertsona bat kontratatuko da Arrasateko Udalaren Enplegu planaren baitan.

Gastuetan aurrezteko inbertsioa

Sarbide sistema hau aukeratzeko garaian, txartel sistemak azken urteotan eman dituen arazoak eta izan duen kostua hartu dira kontuan. Sistema berri hau praktikoa izateaz gain, luzera begira ekonomikoagoa ere izango da. Izan ere, teknologia guztiek bezala, hasieran inbertsio bat eskatzen badu ere, txartelak erosteari utzita aurreztuko den diruaz berehala amortizatuko da.

Hala ere, esan sistema kudeatzen duten enpresek dituzten datuen arabera, erabiltzaileen %10ak txartela erabiltzen jarraitu beharko duela, kasu batzuetan hatz marka errekonozitzeko zailtasunak izaten direlako ( eskuekin egiten diren lan jakin batzuen ondorioz, adibidez).

Aldizka etortzen direnentzat ere abantaila

Bazkide izan barik, kiroldegira aldizka etortzen direnek ere nabarituko dute abantaila sistema berri honekin. Izan ere, eguneko sarrera solteek barra kode bat izango dute eta erabiltzaileak zuzenean pasako dira tornuetatik, kiroldegiko langileek zabaldu arte itxaron barik.