Arrasateko Udalak zoladura berritzeari ekin dio Nafarroa etorbideko hainbat lekutan

2021/07/27
Zoladura konponduko da, estolda zulo batzuk berrituko dira, arekak berriztu eta leku batean espaloiko zoladura konpondu

Udalak zoladura berritzeari ekin dio Nafarroa etorbideko hainbat gunetan. Aste honetan, uztailaren 26tik 30era bitartean, lanak egingo dira bereziki areka inguruetan, eta gero, abuztuaren 16ko astean asfaltatze lanak gauzatuko dira.

Udal teknikariek kale osoko zoladuraren egoera aztertu dute, eta tratamendua aplikatuko da eremu bakoitzaren beharretara egokituta: bi lekutan hasita dago zoladura brintzatu eta asentatzeko prozesua. Leku bi horietan zoladura apurtzeaz gain, ondoko areka eta/edo estolda zuloak ere kaltetuta daude. Ospitalera sartzeko erraian, zoladura asfaltikoa kaltetuta dago oinezko zubitik Oltam enpresaren sarreraraino. Gune horretan estolda zulo bi konponduko dira, oinarria asentatuta dago eta asentamendu hori batzuetan arekan ere igarri egiten da. Ospitaletik ateratzeko erraian ere bigun gune txiki bat dago, saihesbidera heldu baino lehen; leku horretan zoladura baino ez dago kaltetuta, eta zoladura asfaltiko berria ezarriko da.

Laburbilduz, zoladura konponduko da, estolda zulo batzuk berrituko dira, arekak berriztu eta leku batean espaloiko zoladura konpondu.

Obraren aurrekontua 23.700,28 eurokoa da, (BEZa barne) eta Excavaciones Arrasate SL enpresak egingo du.

Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu du jarduketa kokatzen dela herriko zoladura eta asfaltoa berritzeko urteko plangintzaren barruan: “herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko funtsezko lana da herri bideen zoladura egoera onean egotea. Urtero diru partida bat zehazten dugu aurrekontuetan herriko bideak eraberritu eta mantentze lan egokia bermatzeko”.